Pasaia eta Bilboko portuak, ororentzat interesgarri


2006ko irailaren 03an
Espainiako Estatuko hainbat portu interes orokorreko izendatuta dauzka Madrilgo administrazioak, eta baita haien eskumena ondo atxikia ere. Euskal Herriari dagokionez, bi dira zerrenda horretan: Pasaia eta Bilbo. Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan agertu duenez, biak ere gustura hartuko lituzke bere altzoan, Bizkaia eta Gipuzkoako beste guztiak dituen moduan. «Guri transferituz gero, bultzada ederra emango genieke bi portu horiei, penintsulako trafikoaren buru bihurtuz eta Europarekin batuz», diosku Andoni Idoiaga Jaurlaritzako Portu Zuzendariak.

Estatuak, nolanahi, tinko eusten die interes orokorreko portuei. Puertos del Estado (Estatuko Portuak) izeneko erakundeak dauka horiek kudeatzeko ardura, eta bertako iturriei galdetuta, berehala gogorarazi digute Espainiako Konstituzioak zer dioen. Alegia, ezaugarri jakineko portu guztiak estatuarenak direla. Hala ere, azpimarratu dute, horrek ez du esan nahi Madrilen esku daudenik erabat: «Portua bera, hau da, lurzorua, estatuarena da, baina kudaketa autonomia-erkidegoekin batera egiten da». Hala, bai Bilboko bai Pasaiako portu-agintaritzetan Eusko Jaurlaritzako kideak daude, eta baita tokian tokiko udaletxeetakoak, merkatzaritza-ganbaratakoak eta sindikatuetakoak. «Are gehiago -dio Puertos del Estadok- kontseilarien heren bi autonomia-erkidegoek izendatzen dituzte, eta presidentea ere erkidegoak proposatukoa izaten da ia beti». Nolanahi ere, inbertsioak, lanak... ezin daitezke Madrilen onespenik gabe egin.


Itsasertzeko Trebiño

Jaime Tejedor, Gipuzkoako Arrantzale Kofradien presidentea, Pasaian aritzen da hain zuzen. «Beste portuetan dabiltzanak -Eusko Jaurlaritzari transferitutakoez ari da Tejedor-, kexu direnean, nik barre egiten dut neure kolkorako. Hemen baleude! Hirugarren munduko portua da hau; Pasaian arrantza egitea miraria da, izan ere. Sinestezina, tamaina honetako portu batean. Erregai hornigailurik ere ez daukagu, munduko porturik txikienak daukan arren. Guk kamioietan ekarri behar dugu. Zer ote da hau, Euskadi edo itsasertzeko Trebiño?».

Tejedorren esanetan, sarritan eskatu zaio Madrilgo Gobernuari Pasaiako arrantza aldea, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko. Andoni Idoiagak ere baieztatu digu Gasteizko Portu Zuzendaritzak, Pasaiakoarena ez ezik, Abrako arrantza-portuen eskumena -Santurtzi, Zierbena, Algorta...- ere eskatu izan duela sikiera, merkatal-portuarena lortu ezean. Alabaina, eskariok Espainiaren ezezkoa baizik ez dute jaso orain arte, interes orokorra argudio. Hain baita orokorra, non ia jardunik gabeko arrantza-portutxoak ere hartzen baititu bere baitan, itxura denez. Zer esanik ez Pasaiakoa, Euskal Herrian deskarga gehien duenetako bat.

Kontuak kontu, ez litzateke aparteko gauza interes orokorreko portu baten eskumena autonomia-erkidego batek bereganatzea, azken urteotan pare bat aldiz gertatu da eta. Interes orokorra ez da betierekoa, nonbait. Legeak ezarritako hainbat ezaugarriren menpe dago, eta ezaugarriok galduta akabo interesa. Ez dirudi, hala ere, Bilbo eta Pasaian halakorik jazoko denik oraingoz.



Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pasaiako portua
2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


2020-09-21 | ARGIA
Pasaiako badiako kutsadura salatzeko Olanori errautsa bota zion ekintzailea ostegunean epaituko dute

Irailaren 24an epaituko dute Donostiako Epaitegian 2018ko urrian, Herrera-Trintxerpe pasabidearen inaugurazioan, agintariei errautsa bota zien lezoarra. Markel Olano, Arantxa Tapia eta Eneko Goiari hautsa bota zien ondorengoa esaten zuen bitartean: "Hau da egunero jasaten... [+]


2020-04-16 | ARGIA
Langile bat hil da Pasaiako portuan

Zendutakoa 50 urteko garraiolaria da. Sukarra zuen hiltzerakoan, eta ondorioz Covid-19aren aurkako protokoloa aktibatu dute portuan.


2020-03-10 | ARGIA
Apirilaren 2ra atzeratu dute Olanori errautsa bota zion ekintzailearen aurkako epaiketa

Pasaiako portuko ekitaldi batean Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Donostiako alkate Eneko Goia bertan zirela errautsa bota zien 2018ko azaroan. ARGIAk hasiera batean esan duen arren martxoaren 11n... [+]


2019-09-26 | ARGIA
Pasaiako badia kutsatu du Txingurri errekako isurketa batek

Txingurri errekak zuriz tindatu zituen Pasaiako badiako urak asteartean, Herrera inguruan. Eguzkin salatu du 2077an hasitako saneamendua osatu gabe dagoela eta hori bukatzeko zain daudela: “Hobe eserita itxaroten badugu”.


Eguneraketa berriak daude