Haize energia, gero eta ugariagoa
Energiaren nazioarteko agentziak argitara emandako urteko txostenean adierazitakoaren arabera, haize energia gero eta indar handiagoa hartzen ari da.
1995 eta 2005 urteen artean haize energia hamar aldiz handitu da munduan. 1995. urtean 10 terrawatt/ordu energia sortu zen eta 2005ean berriz, 100 terrawatt/ordu.
Une honetan, Australiak, Danimarkak, Alemaniak, Greziak, Irlandak, Herbehereak, Portugalek eta Espainiak behar duten energia elektrikoaren %1 baino gehiago lortzen dute haizetik. Hauen artean Danimarka azpimarratu behar da, behar duen energia elektrikoaren %18,5 lortzen baitu haizetik.
Instalatzen diren parke eolikoei dagokienez, Korea da lehena, azken urtean %233ko hazkundea izan baitu; ondoren Portugal dator, %100eko hazkundearekin eta atzetik Norvegia (%69) eta Irlanda (%58) daude.
Australiaren kasuan, ekoiztutako haize energiak ingurumenean izan duen eragina errepideetatik 651.720 ibilgailu kentzearen adinekoa da. Alemanian, igorritako CO2 kopurua 24,6 milioi tona gutxiagokoa izan daiteke eta Espainian 300 milioi euro aurrez daitezke igorritako CO2 kopurua 14 milioitan gutxitzen bada.
Txostenean etorkizunari buruzko hainbat aipamen daude, legedia, baimen emateak eta ingurumena bezalako gaiak kontuan hartuz, eta batez ere etorkizuneko proiektu bat aipatzen da: DOWNVIND. Proiektu honetan, Eskoziako kostaldean 25 kilometroko luzera izango duen eremua erabiltzea aurreikusten da eta horretarako lanak urte amaieran abiatuko dira.
Sahararen despopulazioa
Ekialdeko Sahara da munduko lekurik bero eta idorrena. Urtero euri kopurua bi eta hogeita hamar milimetro artekoa izan ohi da -Euskal Herrian, adibidez, 1.000 eta 2.000 milimetro artekoa izaten da- eta ondorioz gizakia pixkanaka leku hori husten joan da.
Eremu hori Egipto, Sudan, Libia eta Txaden artean kokatzen da eta une honetan gizakia Nilo ibaiaren inguruan eta hainbat oasitan baino ez da bizi.
Dena den, bertako klima ez da beti orain bezalakoa izan. Duela 5.000-9.000 urte, klima epelagoa eta hezeagoa zen eta gertatu dena hobeto ulertzeko, hainbat ikerlari alemaniar 150 leku arkeologikotan 500 datu baino gehiago aztertzen ari dira. Hala, klimaren aldaketaren zergatia edo hobeto esanda, gertatutakoa gizakiak egindako zerbaiten eragina ote den jakin nahi da.