Oraintsu arte pateretan etortzen ziren Afrikako gosetiak, bizirik edo hilik, Espainiako hegoaldeko kostaldera. Orain, kayukotan, Senegaleko arrantza ontzitxoetan, Afrikako lurralde oso urrunetatik kanariar eta mediterranear kostaldera iritsi nahi dute. Abuztuan, kayukotan iritsitako afrikar etorkinen kopurua izugarria izan da. Hogei milaren bat iritsi dira aurten kosta horietara Europako «paradisua» aurkitu nahian. Ehunka hil dira ahaleginean. Afrikako zenbat milaka immigrante izango dira Mediterraneoko itsas hondoan? Batek daki. Azken urteotan milaka omen dira. Immigranteak, helmuga herrialdeetan atxiki eta aberriratu egiten dituzte, askotan gogo txarrez, baztertutako merkantzia bailiran. Estatu espainiarrari eta Europar Batasunari axola zaion bakarra haiek Europan ez sartzen uztea balitz bezala. Horretarako hegazkinak, itsasontziak, fragatak, sateliteak... erabiltzen dira. Errepresio politikoa handia bada ere, gose denak eta lan bila dabilenak, direnak eta ez direnak egingo ditu europar «paradisu» partikularrera iristeko. Bada formula bat, hala ere, bakarra agian, patera eta kayuko gehiago ez izateko: euren baliabide naturalak ustiatzea, Afrikako lurralde horietan inbertituz. Euren garapena sustatzea. Hori da Europak eta Iparrak, elkartasunez, egin beharko luketena, Hegoaldeko lurralde txiroen onerako. Gainontzeko guztia adabakiak baino ez dira, eta gainera, Mediterraneo Itsasoa immigranteen hilerri bihurtzen dute.