Goio Monreal: «Hizkuntza bezain inportante izan dira gure instituzio historikoak»

Renon (Nevada, AEB) eman duzu ikasturtea. Ez zara etorri zaharra.
Hilabete, hemen naizela. Ez da han egin dudan lehenengo egonaldia, 1985-86 ikasturtea han igaro bainuen, eta 2000n eta 2004an ere han izan bainintzen. Denera, bi urte eta erdi egina naiz han eta horrek esan nahi du hiri ezaguna dudala Reno eta, horrekin batera, AEBak nire bigarren herri direla, egonaldiaren iraupenagatik, eta amerikar herri eta gizarteari diedan estimu handiagatik.

William Douglassen izenean eratu den bekari esker egin duzu egonaldia. Beka hori jaso duen lehena zaitugu.
Niretzat ohore handia izan da Renon egotea, Euskal Ikasketen Zentroan, William Douglassen izena daraman bekarekin. Izan ere, miresgarria da Douglass, Bill. Beti miretsi izan dut, baina zenbat eta harreman handiagoa izan harekin, orduan eta miresgarriago zait.

Beste izen sona handiko bat hartu nahiko nuke hizpide ondoren. Bernardo Estornes Lasa. Esan izan duzu ez dugula behar beste estimatzen hark egindako lana, Auñamendi entziklopedia.
Estornes Lasak gutxienez kale bat mereziko luke Donostian. Diktaduran egin zuen lanaren handia eta! Argitaletxea eratu, produkzio handi harekin! Eta, batez ere, entziklopedia egiten hastea baliabide haiekin! Estornestarren lana, aita-alabena batik bat, Herkulesek egiteko modukoa zen. Uste dut hil aurretik jaso zuela Manuel Lekuona saria, baina ia inor konturatu gabe hil zen. Herri honek ez zion, hil aurretik, eskerrik asko esan Estornes Lasari.

Goio Monreal irakasle katedraduna. Gure zuzenbide historiko eta autonomikoa aztertzeko eratuta dagoen fundazioko kide zara, eta foru zaharrari buruzko azterketa bikain baten egile, Renoko Euskal Zentroak ingelesez argitaratua: The Old Law of Bizkaia (1452), hau da, Bizkaiko Foru Zaharra.
Bizkaiko erakundeei buruz egin nuen doktore tesia. Euskal zuzenbidea aztertu nuenean konturatu nintzen benetan garrantzi handikoa zela gai hori. Denboratxoa eskaini nion foru zaharrari, 1452koari. Konturatu nintzen garrantzi handikoa izanik ere, aldi berean, haren edizioak ez zegoela irakurtzerik; batez ere, gehien erabiltzen zena, Labairuk XIX. mendearen amaieran egin zuena. Eta foru zaharraren eskuizkribuak biltzen, osatzen hasi nintzen hemengo eta Madrilgo liburutegietan, eta gero, ordenatzen, alderatzen, eskuizkriburik garrantzizkoena zehazten, eta aparatu kritikoaz baliatuz, testua finkatzen. Eta 1976an, Estornes Lasak esan zidan: «Ekarri, argitaratu egingo dugu». Baina, gero, ESEIn sartu nintzen...

...eta politikari ekin zenion. Senatari izan zinen Madrilen. Hurrena, EHUko errektore. Ikerketa-lanik burutzeko proportzio eskasa.
Bost urtez errektore eta, uztera nindoanean, zenbait lagunekin gertatu nintzen, unibertsitatean bertan. Biltzar baten prestaketan ari ziren eta, harrokeria zer den! Zera esatea besterik ez zitzaidan etorri: «Foru zaharra argitaratzen ari naiz. Kopiarik onena halako da». Eta han zegoenetako batek -bekatua esan arren, bekatariaren izenik ez da esan behar-, hartu nik aipatu nuen kopia hura eta argitaratu egin zuen. Ameriketan nengoela konturatu nintzen horretaz. Bill Douglassi aipatu nion behin, desertuan genbiltzan batean. Foru zaharrak zeukan balioaz jardun genuen, bai ikuspegi historiko, ekonomiko eta antropologikotik, eta halako batean han non esan zuen Billek: «Zu, lasai. Guk argitaratuko dugu ingelesez!».

Ingelesez argitara zen liburua iaz.
Bai, eta ingelesez dakienak hobe du bertsio hura irakurri gaztelaniaz argitaratuko dudana baino. Foru zaharra gaztelania zaharkituan dago, eta neke da ulertzen. Ingelesezkoa, berriz, zahar kutsuko hitzak erabiliz egin du Billek, baina, era berean, ingeles malgu eta dotorean. Egiatan, gustu ematen du irakurtzeak.

Foru zaharra behar bezala ez ezagutzeak zenbateraino eragiten du gure historiaren gaineko uste okerrak izatea?
Nik uste bizkaitarrek, eta euskaldunek oro har, beren erakundeen berri aski zuzena izan dutela foralitateak iraun zuen bitartean, eta ondoko bi belaunaldiak arte. Gero, foralitateak era guztietako eraso bortitzak jaso ditu, Lloreten garaitik hona. Lloreten eskola konstituzionalistak erabat akonplexatu du euskalduna bere historia, erakunde eta foruarekiko ikusmoldeari dagokionean. Eta, kontuan hartu behar da, Euskal Herria herri bezala identifikatzekotan, hizkuntza bezain inportante izan direla gure instituzioak.

«Hizkuntza bezain inportante».
Historiaren ikuspegitik, hizkuntza bezain inportante. Nolabait, erakundeen babes horri esker iraun zuen hizkuntzak. Babes hori ber-bertako antolaerak, ber-bertako instituzioek ematen zioten. Herri izateak ez du esan nahi, besterik gabe, hizkuntzari eustea; hori ez ezik, bizitzeko modu bat da, askatasunean, eta foru zaharrak ageri duenez, beste zenbait herrirekin konparatuz gero, askoz askatasun handiagoan. Gure aurrekoek bazekiten zer zen foru zaharra, eta inportante iruditzen zait guk ere, haiek bezala, zer den jakitea.

Foru zaharra dugu bat, baina badira hainbat adibide. Zer dakar gertaera eta datu historikoak ezkutatzeak? 1864-65ean, gure Hegoaldeko lau herrialdeak nola artikulatu kezkatan ziren nafar instituzioak, eta unibertsitatea sortzeko proposamena ere egin zuten. Garaitsuan, lanean ari ziren beste zenbait instituzio, talde eta elkarte: Laurak Bat, Euskara Konfederazioa, Nafarroako Euskara Elkartea... Errepublika garaian, berriz, autonomia estatutuari sostengua eman zion Nafarroak... Nora garamatza ageriko egia handiok isiltzeak?
Gure errealitate funtsezkoenei dagokienez -hau da, hizkuntza, historia eta zuzenbidea-, aginte publikoek manipulazio asmo garbia dute, arrazoi ideologikoak tarteko. Ikusi duzu zer gertatzen ari den hizkuntzarekin: ikusezin egiteko asmo zindoa! Penagarria! Zoaz Iruñetik Logroñora autobia berrian barrena! Hizkuntzaren aipamenik txikiena ere ezkutatu dute, nahiz eta, seguru askorik, legez kontra jokatu duten. Horixe da asmoa: ikusezin egin eta, horrela, existentziarik ez duela adieraztea. Luzaro, ondorio latzak ditu horrek. Jendeak galderak egiten ditu gertakari eta egitateei buruz, baina horiek ezkutatzen badituzu... Hizkuntza ezkutatzen ari dira eta, hori ez ezik, gertakari historiko asko ere bai. Tartean, zuk aipatu dituzunak. XIX. mendeko 60ko hamarkadan izan ziren euskara biziberritzeko saioak. Edo Espainiako Bigarren Errepublika garaiko estatutu prozesua. Nafar herria behin baino gehiagotan kontsultatu zuten. Gaur egun ez bezala! Gaur egun ez baitzaio inori ezer kontsultatu: egitate kontsumatuak besterik ez. Hori horrela izanda ere, zera iruditzen zait kezkagarriago: alegia...

Kezkagarriagorik? Ba ote?
Bai: Nafarroaren etorkizuna erabaki zeneko aldi historiko nagusiek alde bakarreko interpretazioa izatea. Konkista, adibidez. Konkista dela eta, Nafarroako monarkia legitimoari eustearen aldekoak ziren alde batean, eta bestean, berriz, gaztelarren aldekoak: Leringo kontea eta beaumontarrak. Kontua da, nafar haurrak, edo historia ikasten duen edonork, bi bertsioak ezagutzeko eskubidea izan beharko lukeela: zer gertatu zen, batzuen arrazoiak, besteenak, zoria, errepresioa... edo, beste aldi historiko inportante bat ematekotan, 1839. Bigarren gerra karlista galdu zenean, foruei eustea hitzartu zen Bergaran. Legea gortera eraman zen urriaren 25ean, eta haren aplikazioa etorri zen gero. Nafarroak, beste hiru lurraldeak bakarrik utzi eta hitzarmen berria sinatu zuen estatuarekin. Nork sinatu zuen hitzarmen berri hura? Nafarroak, ala sektore batek? Bistan da, sektore batek! Hitzarmen berri hura egin zuenetako bat Tuterako Barreda izeneko bat izan zen. Bada, hil zenean, inork ez zuen haren hilkutxa eraman nahi izan; are gehiago, harrika hartu zuten! Nafarroak bi aukera zituen: hitzartu ala ez, edo era batera edo bestera hitzartu. Hortaz, ez dago hitzarmena sinatu zutenak kanonizatzerik, ez dago historia ofiziala era horretara idazterik.

Zer dator hortik?
Gizartearen integraziorik eza. Polarizazioa. Era jakin eta aldebakar batean hezitako nafarrek ez dute hurkoa ulertzeko gaitasunik. Gizarte integratuago, plural eta errespetuzkoa eraikitzeko modurik ez dago horrela. Horixe da arazoa.

Politikariak, saiatu, saiatzen al dira gizartea artikulatzen?
Tira, politikariak... ez, baina ezta politikari ez direnak ere. Irakasleak, edo gizartearen aurrean arduraren bat dutenak. Ez dugu elkar ulertzeko ahaleginik egiten. Nafarroan, adibidez, abertzaleek ez dugu kontuan hartu nola dagoen mentalki eratuta nafar gizartea mende batetik hona. Gizarte demokratikoak batak besteari kontzesioak eginez eraikitzen dira, batak bestea ulertuz, nahiz eta bestearekin bat ez etorri, haren arrazoi, sentipen eta emozioak benetan ulertzen saiatuz. Izan ere, geldiro-geldiro osatu dira historian arrazoi, sentipen eta emozio horiek. Batzuek, aldiz, uste izan dute pistolen bidez lortuko zirela gauzak, baina, egiatan, gizartea errespetu handiz tratatu behar da.

Gizartea artikulatzeari buruz ari gara, eta jakin nahiko nuke zein gizarte. Zertan dira Hegoalde eta Iparraldearen arteko harremanak? EAEren eta Nafarroaren artekoak?
Bistan da EAEko klase politikoaren parte oso inportante batentzat Nafarroak ez duela ikustekorik EAErekin. Beste partearentzat, berriz... Karga erretorika handia darabilte, baina hurbiltzapena bultzatzeko abiarazten diren politikak ez dira beti egokienak. EAEko prentsa eta hedabide publikoak ikusi besterik ez dago: ez dute Nafarroarekiko sentsibilitaterik. Hemendik, bestalde, arrazoi ideologikoengatik, ez zaio EAEri behar besteko arretarik jartzen, nafarren kalterako bada ere zenbait kasutan!

Egia al da EAEk irudi kaxkarra duela Nafarroan?
Logikoa da. Hango industri krisia ikaragarria izan zen, 70eko hamarkadakoa esan nahi dut. Desindustrializazioa, langabe tasa handia... kontu horiek hortxe egon dira. Nafarroak, aldiz, gora egin du etengabe. Bestalde, EAEri dagokionez, biolentzia zegoen, eta hemen, HBren politikaren planteamendu esperpentikoak atzerakada eragin dio jendeari. Eskuinari,eta eskuinaldekoei, oso erraz gertatu zaie euskaldunak desakreditatzea: nahikoa zuten albisteak jartzea EAE pobretuaren irudi kaotikoa emateko. Dena den, uste dut EAEren irudia hobetzen ari dela orain.

Gernikako Estatutua erredaktatu zuen batzordekoa izan zinen. Baita euskal parlamentarioen batzarrekoa ere. Estatutua bete da, ala ez da bete?
Ez da bete, argi eta garbi.

«Argi eta garbi».
Hogeita hamazazpi materia, batzuk garrantzi handikoak, ez dira aplikatu. Are txarrago, transferitu diren materia asko eta asko higatuta geratu dira, ondoren eskuduntza murrizten duen lege organiko bat ezarri delako. Beraz, estatutuaren erreforma isilpeko bat egin da. Kuestioa ez da Ibarretxek estatutuaren erreforma nahi duela, ez. Kuestioa da erreforma egina dagoela, joan deneko hogeita bost urte honetan egin dute, baina Madrildik! Erreforma, murrizte aldera betiere.

Hizkuntza eta instituzio historikoak direla herri baten oinarri funtsezkoenak adierazi diguzu elkarrizketan. Euskarari dagokionez, Nafarroan, 1980ko ofizialtasun egoerara itzuli behar dugula esana duzu inoiz.
1980an, nafar parlamentuak, estu-estu, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuen Nafarroa osoan. Eta 1980ko ofizialtasun aldarrikapena Nafarroa osoan berreskuratu beharko genukeela diot nik, aldarrikapena gauzatzen duen hizkuntz legea egiten denean, hizkuntza politika lurralde bakoitzaren arabera moldatuko litzatekeelako, mugarik gabe. Horregatik diot 1980ko aldarrikapen hartara itzuli beharko genukeela. Helburu handia iruditzen zait hori geroan gerta litekeen edozein gobernurentzat. UPNren alternatiba delakoak aurrera egiten badu, behintzat.

Robert Laxalt, William A. Douglass
«Jendeak jakin beharko luke AEBetan bi izar ditugula: Robert Laxalt eta William Douglass. Laxalti dagokionez, aipagarri dira beraren lehenengo lana, Sweet Promised Land izenekoa -Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan euskarazko itzulpenean-, lehenengo euskal jaialdia antolatzen egin zuen lana, eta Renoko Euskal Ikasketen Programa eratzen izandako parte hartzea. William Douglass dela eta, honen Amerikanuak liburua, idatzi dituen artikulu pila, eta Programaren koordinazio lanak baitezpadakoak izan dira AEBetan Euskal Herria ezagutzera irits daitezen. Bestetik, Douglass ezagutzen duenak badaki, AEBetan Euskal Herriaren berriemaile izateaz gainera, baduela beste gauza bat ere: bere nortasuna, izateko modu hori, errenazentista -gauza askotaz interesatua-, bitalista, mundua korritzen duena eta kausa galdu guztien alde egiten duena. Izaera berezia, inondik ere».

«Soziolinguistikaz ez dakit ezer»
«Ez naiz aditua, baina iruditzen zait errazegi aplikatzen ditugula gurean kanpoko ereduak: Nik Zuzenbidearen historiaz dakit zer edo zer. Soziolinguistikaz, ezer ez. Uste dut elebitasuna neurri egokia izan litekeela euskararentzat. Eta nahiko nuke Tuterako belaunaldi berriek euskaraz jakitea, Tuteran zeinahi dela ere hizkuntza nagusia. Era berean, inportante iruditzen zait Azpeitian gaztelaniaz jakitea, eta ondo jakitea, nahiz eta bertakoek euskaraz besterik ez hitz egin. Izan ere, euskaraz bizi den azpeitiarra, baina gaztelaniaz ere ondo dakiena, berehala konturatuko da gaztelaniaz jakitea ez dela lehiatu behar duen munduan jarduteko muga. Horregatik diot elebitasuna ez zaidala burugabekeria iruditzen. Hori esanda, uste dut hizkuntzaren erabilera bultzatzeko politika indartsuagoak, askozaz indartsuagoak, gauzatu beharko liratekeela. Horixe akats handia: ezagutza bai, erabilerarik ez. Uste dut ez dagoela erabilera politikarik. Eta beharko genituzke: erabilera eskolan, kalean eta abar. Ez dago irudimenik. Ez dugu. Ez diot auzoari erru guztia bota nahi. Neu lehenengo bekataria. Arlegin bizi naiz eta euskaraz irakurri bai, baina ez dut hitz egiten».

Koldo Mitxelena
«EHUko errektore izan nintzen garaian gurdiari tiraka jardun genuenok ahalegin zintzo eta handia egin genuen, ustez eta unibertsitatea oinarrizkoa zelakoan gure herriarentzat. Egoera, berriz, oso-oso zaila zen, ez genuen eraikinik, ez irakaslerik -ez-numerarioak ziren gehienak, formazio aroan zeudenak-, ez dirurik -Madrilen mende geunden, artean; 1985 arte ez genuen Jaurlaritzaren dirurik izan-, estatuturik ez, marko juridikorik ez... Hura ordenatzen saiatzen, aldaketa dinamika eragiten, arazoak izendatzen... bost urte eman genituen horretan. Gorriak ikusi genituen. Hasieran, troika batean izan ginen unibertsitatearen zuzendaritzan eta errektoreorde jardun zuen Koldo Mitxelenak. Behin, zera esan zuen, gehiago sufritu zuela unibertsitatearen zuzendaritzan parte hartu zuenean, heriotze zigorrera kondenatuta egon zen garaian baino. Ez dakit erretorika zen, baina hala esan zuen, gorriak ikusi genituelako, benetan».

Pasquall Maragall
«Bai, Maragallek esan du uda honetan: 'Katalunia da estaturik ez duten Europako lurralde guztien artean, estatuen antz handiena duena', baina, egia esan, oso axala iruditzen zait hori. Uste dut Duran i Lleidak berak erantzun ziola: 'Batetik, ez da egia; bestetik, aitzakiak ematen ari zara Madrilen Espainiako Estatua txikitzen ari garela esaten ari direnei'. Ez da egia, badaudelako alor funtsezko batzuk haien, eta gure, eskutik kanpo daudenak. Adibidez, Europan parte hartzea eta guri dagozkigun hainbat arazo erabakitzen diren Europako Batasuneko instantzietan parte hartzea. Estatuaren bidez baino ez dugu hor parte hartzen. Kontzertu ekonomikoa dela eta, esaterako, Espainiako Estatuak hura murrizteko lanean jardun du beti eta, gero, Europara joan eta defenditu beharra dauka, gure abokatu lanak eginez. Zer da hori, ordea? Nazioarteko eskuduntzetan ere, berdin: kultur hitzarmenak ezin sinatua, kirol selekzioak ere ez... Horra Belgikako esperientzia federalista, adibidez. Maragallek... batek jakin! bere burua goratze aldera edo, prozesuan parte hartu duelako edo, 'hau niri zor zait', esanez bezala jardun duela iruditzen zait. Axala, axala oso».

Nortasun agiria

Gregorio Monreal Zia (Etayo, Nafarroa, 1942). Zuzenbidea ikasi zuen Madrilen. UPV-EHUko errektore izan zen 1981etik 85era. 1992tik 96ra, berriz, Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria. Lehenago, senatari izan zen Madrilen eta Gernikako estatutuaren erredakzioan ere parte hartu zuen. Zuzenbide Historiaren katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1994tik, eta bertan ari da irakasle. Joan deneko aspaldian, kanpoko hainbat unibertsitatetan ere jardun du irakasle eta ikertzaile. Hala ere, lotura berezi ezin ezkutatuzkoa du Renorekin (Nevada, AEB) eta bertako Wiliam A. Douglass irakaslearekin.

Bizkaiko Foru Zaharra ingelesez argitaratu duen nafar honek loburu berezia du Bizkaiarekin. «Nire senide batzuk emigrante ekonomikoak izan ziren Bizkaian. Ni neu, hamasei urtetan joan nintzen hara lanera. Deustun ikasi nuen. Bizkaitarra egin nuen emazte. Bilbon jaio ziren gure bi semeak, Aritz eta Eneko. Beraz, Bizkaiarekiko lotura ez da soilik intelektuala, ez; emozionala da, existentziala».


ASTEKARIA
2006ko irailaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude