argia.eus
INPRIMATU
Bidasoa al da euskal arrantzaleak banatzen dituena?
2006ko irailaren 03a
Itsasoak, arraina ez ezik, gatazka ugari ere ematen digu, oraindik orain Kantauriko antxoari buruzko aferak agerian utzi duenez. Estatuen nahiak izan ohi dira tartean eta, Espainiarenak eta Frantziarenak bata bestearen aurkakoak izaki maiz, ez da harritzekoa Ipar eta Hego Euskal Herriko arrantzaleak elkarren areriotzat agertu izana.

Hain zabalduta dagoen uste hori, ordea, guztiz usteltzat dauka Josu Santiago EAEko Arrantza Zuzendariak: «Ez da egia mugaren alde bietako euskal arrantzaleen arteko gatazka dagoenik. Gatazka badago, bai, baina arrantza egiteko modu biren artean, eta bai Hegoaldean bai Iparraldean aurkituko dituzu bataren eta bestearen alde nahiz kontrakoak». Hala ere, Bidasoaren alde banatan iritzi desberdinak gailentzen direla aditzera ematen du Santiagok. «Hegoaldean artisau-arrantzaren aldeko jarrera dago zabalduagoa, alegia, familiakoa, ontzi-jabea ontzian bertan doanekoa, eta etorkizunari begira eramangarriagoa».

Iparraldean, berriz, industria-ikuspegiak indar handiagoa omen dauka, sare pelagikoak erabiltzea barne. «Hori ere ez da horren sinplea», uste du, alabaina, Xabier Mariuarena Donibane Lohitzune-Ziburuko portuko arrantzaleak. «Hendaian baziren pelagikoak, baina hango arrantza-portua desagertu zenez... Donibanen oso gutxi dira hala dabiltzanak; antxoatan dabiltzan gehienak Bretainiakoak dira, edo La Rochelletik iparralderagokoak bederen. Gatazka nagusia, antxoari dagokionez, Bretainiako pelagikoen eta Hegoaldeko bolintxero handien artekoa da, eta Donibaneko bolintxero txikiok borroka horretatik kanpo gara, baina albo-kalteak jasaten ditugu». Kalte horiengatik protestan hain justu, portuko sarrera oztopatu zuten orain dela aste batzuk, antxoatan ibilitako pelagikoei harrapakina saltzea eragotzi nahian. Eta lehentxoago, ehunka kilo antxoa jaurti zituzten Baionako Itsas Aferetako bulegoen aurrean. Itsaso zakarra dabil, bai mugaren alde bietan ibili ere.