argia.eus
INPRIMATU
Berrikuntza versus berritsuak
Joxerra Aizpurua Sarasola 2006ko irailaren 03a
Euskal administrazio publiko gehienak ikerketa, garapen eta sektore industrialen alorrean, datozen lauzpabost urterako dituzten planak aurkezten ari dira gaudeneko urtean. Gehienetan berrikuntza gaiari garrantzi berezia ematen diote, hori baita, ikerketarekin batera, egun lehiakide diren estatuekin lehiatzeko dugun bideetakorik nagusiena.

Berrikuntzaren gaia ez da berria euskal enpresentzat ezta munduko gizakiarentzat ere, berrikuntza betidanik egin baita. Berrikuntzan asmatu dutenek aurrera egin dute edo beste batzuk baino aukera gehiago izan dute eta zaharkituta geratu direnak poliki-poliki itzaltzen joan dira.

Egun, administraziotik ezezik enpresa-elkarteetatik ere berrikuntzaren aldeko etenik gabeko kanpaina ailegatzen zaigu; horren adibide ditugu honelako edo halako berrikuntza-sistemaren inguruan eskaintzen diren formazio-ikastaro ugariak, gero eta bibliografia zabalagoa eta gero eta aditu gehiago.

Orain gutxi horietako aditu batek emandako hitzaldira joateko beta izan nuen eta sentsazio gazi-gozoarekin irten nintzen. Berrehun bat entzule ginen, ia gehienak gazteak eta horietako asko eta asko enpresa sortuberrietakoak eta ikasketa bukatuberriak. Hizlaria zutik mikrofono batekin arrakasta izan zuten enpresen kasuak kontatzen hasi zen, egia esan entrenamendu askoko gizona zen eta esandakoaz oso onarpen ona egiten zuten geure neuronek. Baina une batean nire neuronek jasotako informazioari buruzko galderak egiten hasi ziren; hor zaudeten berrehun pertsonak altxorraren bila al zabiltzate? Arrakasta beti ideia jenial baten ondorioa al da? Gauzak gertatu ondoren justifikatzea edo zergatien arrazoiak aztertzea ondo dago, baina nola jakin gauzak gertatu aurretik? Kontatu zizkigun kasu guztiak enpresa handiei gertatutakoak izan ziren, baina munduko enpresen %90 enpresa txikiak direnez, non daude hauen arrakastaren kasuak?

Globalizazioaren, hezkuntzaren eta ez dakit zenbat faktoreren eraginez mugikortasunaren gizartean bizi gara. Gauzak azkar, epe motzera eta ongi egin behar ditugu eta gainera ahalik eta etekin handiena lortu behar dugu; gainera gero eta gehiago kontsumitzen dugu eta aisialdi denbora handiagoa nahi dugu. Ez dugu denborarik pentsatzeko hartzen eta berrikuntzak zerbait behar baldin badu denbora da. Egia da arrakasta-kasuen ehuneko txiki baten oinarrian hutsetik sortutako ideia zoragarri bat egon dela, baina egi berdaderoa da urteetako lan isilak sortutako berrikuntza-izpiritua dela kasu gehienen arrakastaren atzean dagoena.

Baina aditu berritsuak magiarekin txunditu gintuen zeren eta entzule gehienak magiaren bila azaldu ziren, antza denbora eta lana txiroontzat baita.