Pubertaroarekin batera, sebo jariaketa gehitu egiten da eta guruin dentsitaterik handieneko zonetan puntu beltzak agertzen dira, aurpegian batez ere. Gazteen artean hain usua eta hain deserosoa den arazo hori konpontzeko elikadura egokia ezinbestekoa da. Aknearen arrazoi nagusiak herentzia, hormonak eta ingurumenarekin lotutako faktoreak -estresa, batik bat- diren arren, Mendebaldean azken urteotan ohikoa den jan-neurriak ere aknearen sorreran zerikusia duela uste dute adituek, eta jan-neurri egoki batek arazoa konpontzen lagun dezakeela, betiere bestelako neurri mediko eta higienikoekin batera, noski.
Janari ez gomendagarriak: Azukre finduak dituzten jakiak (galletak, pastelak, gozoak, opilak, botilako zukuak eta edari freskagarriak). Jaki horiek baraurik edo otorduetatik kanpo hartuz gero, are eragin negatiboagoa izango dute. Gantz aseetan edo koipe hidrogenatuetan aberatsak diren produktuak (esaterako aurrez prestatutako jakiak, hestebeteak, haragi koipetsuak, esne osoa, gazta koipetsuak, margarina eta gurina edo janari frijituak) oso noizean behin hartu behar dira. Janari oso minek eta espezia asko dituztenek azaleko hantura eta aknearen agerpena errazten dute. Txokolateak koipe eta azukre findu asko dauzka, beraz argi dago neurrian kontsumitu behar dela, ahalik eta gutxien.
Indartu beharreko janariak: Zuntzetan aberatsak diren jakiek hesteetako erritmoa erregulatu eta idorreriaren kontrako borrokan laguntzen dute. Lekaleak, zereal integralak, berdurak eta fruituak -ahal dela, azal eta guzti- oso jaki egokiak dira. Omega 3 moduko gantz asegabeek (arrain urdinetan) eta soja eta linazi-olioak ere azalari on egiten diote eta hantura gutxitzen dute. Jan-neurri orekatuaren barruan indartu beharreko beste janari batzuk ondorengoak dira: erretinol edo A bitamina asko dutenak (gibela, azenarioa, zerbak eta ziazerbak, tomatea), biotina edo H bitaminetan aberatsak (gibela, giltzurruna, arrautza-gorringoa, legamiak eta tomatea) eta tiamina edo B1 bitamina asko dutenak (ekilore-pipitak, soja, txerriki-giharra eta lekaleak).