«Herri sentiberatasuna politika bihurtu nahi dugu»
El péndulo patriótico liburuaren ideiaren harian hauxe esan nahi dut: ez alderdia bakarrik, alderdiko hainbat pertsona ere pendulo izan da. Izan ere, pertsonak aldatzen dira, alderdia aldatzen da, egoera aldatu egiten delako. Alegia, egoera nola alderdia ere horrela aldatzen da. Gure buruzagi zahar batek -Jose Mari Lasarte- EAJ «Euskal gehiengoaren espresioa ginela» esaten zuen. Hau da, gizartea aztertu egiten dugula, eta egoera ahalik eta hoberen interpretatu. Buruzagitzarako grina bakarrik duen alderdi batek ezin duela kalean gertatzen dena irakurri bakarrik, baizik, eragin egin behar duela. Orain hogeita hamar urte, trantsizio garaian, asmatu genuela uste dut, eta orain, bigarren trantsizioan, bide berean goaz, asmatzen ari garelakoan nago. Politikaren bidegurutzean gaude berriz ere, eta alderdi asko izan arren -zorionez denok ahotsa dugu-, agian gurea nabarmenago entzuten da gure eragina eta interpelazioa nabarmenagoa delako. Gustukoa dut Lasarteren doktrina. Alegia, guk ez diogu, komunistek egiten zuten moduan -beren garaia kontuan hartuta diot-, doktrina bat ezartzen gizarteari, laborategian pentsatua lehenik eta gero gizartean ezarria. Guk herriaren sentiberatasun zati bat hartu eta adierazpen politiko bihurtu nahi dugu. Politika, herri sentiberatasuna hartuz eta aldi berean gizartean eraginez egin behar da, nik uste.