Nolatan ekin zenion liburu hau osatzeari?
Duela lau urte izan zen. Orduan Euskaldunon Egunkarian nebilen, Ekialde Hurbil zabalaren inguruko hainbat elkarrizketa eta erreportaje egiten. Izan ere, 1993an Palestinara joan nintzen brigadista bezala, Palestina historiko guztian ibili ginen -hau da, 1948ko eta 1967ko lurraldeetan-, eta hainbat material neukan gordeta. Beti pil-pilean dagoen gaia denez, pentsatu nuen merezi zuela material hori euskaraz zabaltzea. Horrela ekin nion liburua hezur-mamitzeari. Prozesu luzea izan da eta bidean gauza asko geratu dira: hainbat eraso gogor -jada ohiko dirudite-, Arafat eta bere laguntzaileen kontrako setioa Ramalan, Arafaten heriotza bera...
Palestinarren garbiketa etnikoa nahi al da?
Horixe baietz. Hango gatazka ez da bi alde berdinen artekoa, bata bestearen aurkako gatazka hutsa da. Hor, okupatzen duen indar bat dago, Israelgo Estatua, eta beste aldean herri oso bat, palestinarra. Egia da hor ere erresistentzia dagoela, baina argi eta garbi dago ez dagoela indar orekarik. Eta garbiketa etnikoa sionistak Palestinako lurraldeetara iritsi zirenetik egiten joan diren etengabeko hustuketa da, palestinarrak beraien herri, lur eta etxebizitzetatik kanporatuz. Gaur egun ia-ia hamar milioi palestinar errefuxiatu daude munduan barrena.
Horiek al dira zure lanaren ardatzak?
Bai. Baina ez dut bakarrik azken hamarkadetako historia aipatzen. Atzera joan nahi izan dut, kronologia bat osatuz gatazka eta lurraldearen historia zein den perspektiba zabal batean kokatzeko, egungo gatazka hobeto uler dadin.
* * * * * * * * * * * *
Olibondoetatik Apartheid hesira
J.M. Sarasola
Arbizuko Udala
374 orrialde
12 euro
Palestina edo suntsitu nahi duten herriaren borroka
Arbizuko Udalak eta Askapenak plazaratu dute Juanma Sarasola Murgiak idatzi duen Olibondoetatik Apartheid hesira (Palestinako gatazka, okupazioa eta garbiketa etnikoa). Berez palestinarren historia gogorra bada, sionistek -nazioartearen laguntzaz- Palestina beren eskuetan hartu zutenez geroztik, gaur egun bereziki gogorra dela gogoratu nahi izan dute argitaratzaileek. Izan ere, Israelgo armadak berriro lurraldeak indarrez hartzeari ekin dio eta demokratikoki aukeratutako gobernu palestinarreko agintariak atxilotu eta kartzelaratu ditu, naziorteko isiltasunaren aurrean. Horra Palestinako herriak jasan duen eta jasaten ari den suntsipenaren nondik norakoak azaltzen dituen Juanma Sarasolaren lana plazaratzearen arrazoia. Tituluan, berriz, egileak Israelgo armadak eta kolonoek olibondoak erauziz palestinarren ekonomiari egiten dioten kalte latza eta hesiarekin suntsitu nahi duten guztia nabarmendu nahi izan du. Horiez gain, honako gaiak jaso ditu liburuan: Intifada bien bilakaera eta ondorioak, Osloko akordioen porrota, palestinarren zein juduen helburuak -pentsaera ezberdineko pertsonak elkarrizketatuz- eta egungo egoera.