argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2006ko uztailaren 23a
Pirmin Treku dantzaria (Zarautz, 1930) zendu zen joan den astean, bihotzekoak jota. 36ko Gerra zela-eta, Ingalaterrara joan zen bizitzera haurra zela eta bertan ekin zion dantzari ibilbideari. Royal Balleteko dantzari nagusi izan zen 1948 eta 1961 bitartean eta ondoren dantza akademia zabaldu zuen Oporton. Duela hiru urte itzuli zen Zarautzera.

Ghatusain folk musika taldea Sopuertako Mendebala jaialdiko II. Maketa Lehiaketan garaile suertatu zen eta saria eskuetan du jada. Ghatusain diskoa plazaratu du Elkar diskoetxearen eskutik. Bederatzi abesti bildu dituzte, instrumentalak gehienak.

Koldo Almandozek Midori film laburra zuzendu du. Kioton eta Donostian filmatu dute eta Angel Aldarondo arduratu da filmeko animazioez. MK Filmak eta Kosmikar Studioren elkarlana da filma eta postprodukzio lanak egiten ari dira orain.

Txalo antzerki taldeak Agatha Christieren Una visita inesperada komedia estreinatu du. Gerardo Mallak zuzendu du eta besteak beste, Jaime Blanchn Fermín Sanles eta Lola Casamayor aktoreek jokatzen dituzte rol nagusiak.

Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion ingelesez argitaratu du Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studiesek. Kristian Addisek itzuli du And the Serpent Told The Woman. Halaber, Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa ingelesera itzuli du Madalen Saizarbitoriak eta Renoko Unibertsitateak argitaratu.