argia.eus
INPRIMATU
Irakurzaletasuna piztu nahian
IƱaki Zubeldia 2007ko otsailaren 21
Horixe lortu nahi du Idazleak ikastetxeetan programak: irakurzaletasuna piztu ikasleengan. Horretarako ibiltzen dira idazleak ikastetxez ikastetxe, ikasleei beren liburuen interpretazioan laguntzen, idaztearen ofizioa eta sekretuak azaltzen, liburuen xarma ikusarazten.

Estatistikek diotenez saio gehienak onak edo oso onak direla aitortzen dute bai idazleek bai ikastetxeek. Baina beti egoten da zer hobetua gure jardueretan. Eta asmo horrekin saioak hobetzeko proposamen batzuk plazaratu nahi nituzke:

Idazlearen biografia eta bibliografia ezagutu. Etorri behar duen idazleari zor diogun begiruneagatik, egokia da irakurri behar den liburua idatzi duen idazlea ezagutzea. Horretarako EIEko web orrian daude idazleen biografiak. Idazleari berari ere eska dakioke hori. Honela ikasleak, liburua irakurri aurretik, jakingo du nor den hura idatzi eta ikastetxera etorri behar duen pertsonaia hori.

Topaketa prestatu. Garrantzitsua da topaketa aurrez prestatzea. Horrek esan nahi du irakurri behar den liburua ume bakoitzak eduki behar duela eskuetan. Denbora bat emango zaio liburuaren irakurketari. Irakurketa hau norberak egingo du bakarka, ulertuz, ulertzen ez direnak arkatzez azpimarratuz... Gero, gelan, irakaslearen laguntzaz, istorioaren nondik norakoa berrikusiko da, ulertu ez direnak azalduz, istorioaren une desberdinak bereiziz, puntu garrantzitsuenak edo gehien gustatu zaizkienak azpimarratuz... Liburuak dituen literatur balioetan arreta jartzea ere garrantzitsua litzateke.

Ondoren letorke, nire ustez, galderak prestatzearena. Ikasle bakoitzak nahi dituen galderak prestatuko ditu liburuari buruz: protagonistari buruz, istorioaren garapenari buruz, pertsonaia konkretu batek liburuan betetzen duen rolari buruz... Horretarako, agian, bigarren irakurketa bat egin beharko da.

Idazlearen bizitzaz eta esperientziaz ere egin daitezke galderak: noiz hasi zen idazten, zerk bultzatu zuen idaztera, zenbat denbora ematen duen lanbide horretan...

Idazleari harrera eta agurra. Ez idazlea inor baino gehiago delako, askotan galduta ibiltzen delako baizik eskola topatzerakoan eta gero eskola barruan. Idazleak ere sentitu behar du egitera doan ekitaldiak baduela bere garrantzia eta eskolak ere garrantzia hori sentitzen duela.

Hauez gain, gogoan hartzekoak dira: gela egokia izatea, ikasleak aulkietan eserita eta eroso egotea, patiotik edo gimnasiotik zarata handirik ez sartzea topaketa dagoen gelan, ikasleen arreta eta isiltasuna ziurtatuta egotea irakasle batzuen laguntzarekin, idazleak behar ditzakeen tresnak prest edukitzea: arbela, paperak, proiektoreren bat...