argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2007ko otsailaren 21a

Azken agurra Muniozgureni

Fernando Muniozguren eibartarra uztailaren 8an hil zen minbiziak jota. Joan den larunbatean, hilaren 15ean, senideek eta euskalgintzako hainbat jendek azken agurra egin zioten Eibarko Txaltxa Zelai plazan.
Filosofian lizentziatu zen eta irakasle lanean hasi zen. Ondoren, hainbat urte egin zuen Eibarko Udalean euskara teknikari. Euskara zabaltze lanetan beste hainbat proiektutan buru-belarri ibili zen, hala nola, Eibarko ...eta kitto! euskara elkartearen sorreran hartu zuen parte eta baita izen bereko astekariaren sorreran ere. Deba Ibarreko Badihardugu euskara elkartearen sorreran ere izan zen. Zarauzko Txaparro Euskara Elkartean eta Txaparro aldizkarian ere aritu zen. 1997an, Topaguneko lehen presidentea izan zen. Hainbat hedabidetan kolaborazioak egiten zituen eta ARGIAn euskara kontuak astindu zituen gaixoaldiak eragotzi zion arte.


EAE, Galizia eta Kataluniako hizkuntza politikak elkarlanean

Lehen ere ari ziren elkarlanean hiru erkidegoetako Hizkuntza Politika alorrak, baina hirurak batera ez. Uztailaren 14an bildu ziren Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Sixte Moral, Generalitateko Hizkuntza Politikarako idazkaria eta Marisol L-pez, Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia. Mahaia osatu dute hiruren artean eta hiru helburu nagusi jarri dituzte: Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna zenbateraino betetzen den gertutik jarraitzea, mahaiko hiru gobernuen arteko elkarlana eta Espainiako Gobernuak euskara, katalana, galiziera eta gaztelania berdintasun sozialera eramango dituen hizkuntza politikak sustatzea.


Xorroxinek 25 urte

1981ean jarri zuten abian Xorroxin Irratia Nafarroako Baztanen. Baztandarren Biltzarreko gazte batzuk izan ziren sustatzaileak eta lehen urratsa eman zuten Erratzuko eskola zaharreko estudioan. 25 urte ondoren, soldatapeko zortzi langile ditu irratiak eta hainbat eta hainbat kolaboratzaile Nafarroako iparraldean. Baztanen, Bortzirietan eta Lapurdiko kostaldean ere entzun daiteke Xorroxin. Egunero hamaika orduko programazioa du euskaraz eta gainerakoa musikarekin betetzen du. Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroko kide da irratia. Emisiorako lizentzia 1998. urtean lortu zuen.