argia.eus
INPRIMATU
Bizimodua hobetuz bihotzekoa izateko arriskua gutxitzen da
Jabier Agirre 2006ko uztailaren 23a
Istripu kardiobaskularra izateko arriskua faktore ugarik mugatzen duten arren, Interheart ikerketaren bidez lortutako emaitzek argi utzi dute bizimoduan aldaketa batzuk eginez -erretzeari uztea, fruta eta barazkietan aberatsak diren jatorduak egitea, alkoholaren kontsumoa gutxitzea- eta praktika klinikoan erraz identifikatu eta erraz aldatzeko modukoak diren arrisku faktoreak -hipertentsio arteriala, diabetesa eta obesitatea, batez ere- zuzenduz, posible dela miokardioko infartoa jasateko arriskua %90 jaistea.

Garrantzi handikoa da faktore askoren gainean mesede egingo duten esku-hartzeak proposatzea eguneroko praktika klinikoan, baina arrisku faktoreetako bakoitzaren kontrol indibiduala gutxietsi eta baztertu gabe. Asko dira infartoa, bihotzeko angina eta horrelako «istripu» kardiobaskularren agerpenean parte hartzen duten arrisku faktoreak. Eta, gainera, ez dago pertsona jakin batean arrisku faktore bakoitzak eduki dezakeen garrantzia baloratzeko proba zehatzik. Horregatik, beharrezkoa da faktore guztien gainean jardutea, eta hipertentsio arterialaren gainean bereziki, hori baita usadio klinikoan arrisku faktorerik garrantzitsuena, oso zabaldua dagoelako, besterik ez bada ere. Izan ere, eta gure ospitaletan kardiopatia iskemikoaz eta gaixotasun zerebrobaskularraz tratatuak izaten diren pazienteak hipertentsiboak izaten dira, kasurik gehienetan.

Horrez gain, Interheart ikerketak frogatu duen bezala, tabakoa uzteak %50 gutxituko luke miokardioko infartoa jasateko arriskua. Bestetik, obesitatea, egoneko bizitza edo fruta, barazki eta arrainetan urria den elikadura bezalako ohitura kaltegarriak ere baztertu egin behar lirateke.

Beraz, presio arteriala, lipido plasmatikoak -kolesterola eta triglizeridoak, batik bat- eta glukosaren metabolismoa kontrolatzea izango lirateke, aspirina hartzearekin batera, lehenengo nahiz bigarren mailako prebentzio kardiobaskularraren zutabeak. Horrez gain, botikak eta bestelako helburu terapeutiko zehatzak daude eta betiere gaixo bakoitzaren ezaugarrien arabera aginduko ditu medikuak.