Ez zaizu gustatzen oporrak beste norbaiten etxean igarotzea.
Ez zaizu gustatzen etxeko jabeak hozkailuan janaria utzi baldin badu. Bere arrastoa utzi duela ematen du. Nolakoa den jakin dezazula egin duela iruditzen zaizu, nahiz eta badakizun adeitasunez egin duela, besterik gabe. Gainera, ziurrenik ez dizu berak jango lukeena erosi, baizik eta bere ustez zuk edo zuk bezalako batek jango lukeena: alkoholik gabeko garagardoak, Belgikako bonboiak eta era guztietako frutak, gehienak garestiak.
Ez zaizu gustatzen oporrak beste baten etxean igarotzea zurean egingo zenituzkeen gauza berberak egiteko baldin bada, baina, ez dakizu nola, gonbidapena onartu duzu. Eta hiri handi batean zaude, terraza handi bateko hamakan, gehienetan lotan eta besteetan irakurtzen, eta gezurra badirudi ere, ez duzu inorekin hitz egin nahi. Telefonoak jo du baina ez duzu hartu. Ez duzu hartuko hamaika hilabetez beti hartu izan duzulako telefonoa.
Eta ongi zaude. Oroitzapenak ezabatzen eta antolatzen. Eta kezka bakarra duzu: laneko lehendabiziko egunean zer esango diezun lankideei, besteek zeri buruz hitz egiten duten, horixe ahaztu nahian pasatu dituzulako azkeneko egunak.