Aspaldi ari dira ateratzen bake prozesuari buruzko informazio maila desberdinak, batzuetan dabiltzanen interesak bultzatuta eta besteetan Estatuaren estolden interesak aireratuta. Eta batzuen zein besteen filtrazioek azaleratzen ez diren ezkutuko interes eta helburuak dituzte. Aktore desberdinekiko konfiantzari eta haiek dituzten helburuei begiratu beharko die sinesgarritasunaren bidezidorretan arakatu nahi duenak, nahiz eta jakin helburuetan ere badirela ezagun eta ezkutuko helburuak ere. Eta informazio maila desberdinen zirrikituetan jardun ondoren, berriz itzultzen gara aktoreekiko konfiantzaren planora.
Eta, beraz, zer da orain arte ikusi duguna? PSOE eta ENAMen arteko sukalde lanak oso aspaldikoak direla; Espainiako Gobernuak eta ETAk bazutela akordio bat erakunde armatuak bere su-eten iraunkorra iragarri aurretik adostua, Gara-k jakinarazi duenez otsailean lortu zena; gidoi bat betetzen ari direla, eta harreman multzo hori ofizialtzen ari dela; PP prozesuari oldartu zaiola, eta horretarako Estatuaren sarean dituen tresna juridiko, politiko, polizial eta mediatikoak erabiltzen ari dela; azenario eta makilaren taktikarekin, eta Zapateroren parte-hartze maila ezezagun zaigula, Estatua gogor jokatzen ari dela negoziatzen ari den ezker abertzalearekin.
Eta zer da horren samur ikusten ez dena? Zapaterok eta bere aldekoek Estatuaren sarean duten indar maila; ETAk eta Gobernuak adostutako akordioetan zer urraketa maila dagoen; ENAMen baitan zein adostasun mailarekin ari den jarraitzen prozesu hau edota gertatzen ari ei diren akordio urraketak nola interpretatzen ari diren eta zer eragin duten prozesuan. Eta funtsean, edukiei dagokienez, alde bakoitzak egiten duen interpretazioa, batez ere euskal herritarren erabaki eskubideari dagokionean. Jakina, adierazitako guztiak eta beste zalantza asko ezagutu nahi izateak, seguruenik negoziazioetan dabiltzanek baino gehiago ezagutu nahi izatea da, prozesu hauen dinamikotasunak ez duelako erabateko bermerik, ezta aktore nagusientzat ere.
Edozein eratan, Batasuna eta PSEren arteko bileraren ondoren, Batasunaren -beste izen batekin bada ere- legeztatzea da ikusi ahal izango den hurrengo urratsetakoa. Uda ostean alderdien mahaiaren eraketarako lehenengo urratsak ere publikoki ikusten hasiko garen moduan, pribatuan aspaldi ari baitira metodologia eta edukiei buruzko elkarrizketa eta paper trukaketekin. Hori guztia eta gehiago ere gertatuko da, estoldetako mugimenduek edo desakordio maila handiek eragozten ez badute bederen, amaiera arte erabateko arrakastarik ez dago eta.