argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2006ko uztailaren 16a

Ingalaterra, padurak berreskuratzen

Europako hainbat lekutan, Euskal Herrian barne, oso ohikoa izan da itsasoari lurra kentzea eta horretarako sistema desberdinak erabili dira, dikeak edo murruak eraikitzea, adibidez. Oraingo honetan, ordea, alderantzizko prozesua jasan duen kasu bat aipatuko dugu.

Ingalaterrako Essex-en dagoen Wallasea irlako ia 113 hektarea estali ditu itsasoko urak eta horretarako 330 metro dike desegin behar izan dira.

Erabaki hori Britainiako Ingurumen Ministerioak (Defra) hartu du eta «Ingalaterrako beste hainbat lekutan gertatzen ari den paduren desagertzea orekatzeko» egin omen du.

Hemendik bost urte barru paduraren ekosistema berreskuratu ahal izango dela uste dute. Hau da, garai batean bizi ziren espezieak, hala nola moluskuak, karramarroak, arrainak eta txoriak, bertara itzuliko direla uste da. Padura horretan, inguruko espeziez gain hegazti migratzaile askok atsedena hartu ahal izango du.

1990. urtean Kenteko konderrian zegoen Lappel Bank padura babestua deuseztatu zuten, merkantziak garraiatzeko kaia eraikitzeko. Txorien babeserako elkarteak (RSPB) proiektu horren aurka egin zuen Europako Auzitegi Nagusiaren aurrean eta arrazoia Ingalaterrako Gobernuari eman zitzaion, irabaztearen truke padura bat berreskuratuko zuela adierazi zuenean.

Garai batean, Essex-en 35.000 hektarea padura zeuden, baina XVI. mendetik gaurdaino gizakia itsasoari lurra kentzen joan zaio eta une honetan 2.000 hektarea padura baino ez dira geratzen.


Ikusezin bihurtzeko oinarri teorikoa

Gizaki ikusezina filmetan azaldu denean zientzia fikzioarekin uztartu izan dugu ikusezintasunaren kontzeptua. Londresko Imperial Collegeko eta Dukeko Unibertsitateko ikerlari batzuen arabera, zerbait ikusezin bihurtzen duen materiala sortzerik izango da etorkizunean.

Zerbait ikusezin bihurtzeko leku batean argi uhinak eta uhin elektromagnetikoak kudeatu behar dira, deus ere izango ez balitz bezala. Aipatu ikerlariek eredu teoriko bat baino ez dute oraindik garatu, baina aurreratu dutenez, orain garapen praktiko bat egingo dute meta-materialak erabiliz.

Saiakera egingo dute eta lehenik argia eta uhin elektromagnetikoak nahi duten lekura bideratzen saiatuko dira. Teknologia hori arrakastatsua baldin bada, ikusezintasuna hurbilago egongo da. Ez dute datu gehiegirik eman, duten finantzazioak iturri militarra baitu eta militarrek ikerketak isilpean garatzea eskatu dute.

Beraz, irakurle, filtrazioen zain geratuko gara, istorio honen berri emateko.