argia.eus
INPRIMATU
Literaturaren argitan
Patxi Larrion Galdeano @plarrion 2021eko uztailaren 19a
Andolin Eguzkitza. Herioaren itzalpeetan. Txalaparta 1998

Zer espero zuten

«Arratsaldeko seiak dira. Uztailean gaude, hamazortzian izan ere. Iruña osoan zurrumurruak kurritzen du militarrak zerbait egiten ari direla. Oraindik ez dakigu deus segurutik, baina aroa ederra izanagatik, goibel dago giroa». Pasartea, Andolin Eguzkitza zenaren Herioaren itzalpeetan eleberriatik hartua da. Argitara eman zenean, oraindik bizirik ziren protagonistetako batzuk. Liburuan, Cunchillos familaren ibilbidea zaigu kontatzen, bereziki Santiago Cunchillos abokatu abertzalearena. Eguzkitzak gai bat nabarmendu zuen bereziki, protagonistek hartu zuten erabakiena, bide bat eta ez bestea hautatzearen arrazoiena. Nola jokatu egoera anker baten aurrean? Inork espero al zuen uztaileko altxamenduak ekarri zuena? Nola ulertu politikari batzuen jokabidea?

Literaturaren argitan izenburua aukeratu dugu sail honetarako, literatura garai bateko soziologia ulertu eta ezagutzeko tresna egokia baita. Sail honen asmoa ez da ikerketa sakon bat egitea, ez da kolosala izanen, ezinezkoa da argitara eman den guztia biltzea. Zenbait erreferentzia eskaintzea dugu xede. Bestalde, Espainiako Gerra Zibilarena gure literaturan, ez da gai isolatua, Euskal Herriaz ari gara, beraz, Espainiako II. Errepublika, errepresioa, erbestea (edota erbesteak esan beharko genuke) eta II. Mundu Gerrara, erresistentzia eta beste jorratu behar. Gerra bera, ez zen 1937an, 1939an edota 1945ean bukatu. Nekez isilduko da gerraren oihartzuna gure literaturan.