Ihesi: Mendukilo lurpeko Aralar


2006ko uztailaren 16an

Lekunberrira jo dugu (A15), Ultzama, Araitz, Imotz eta Larraun bailarak lotzen dituen Plazaola trenbidearen geltokira. Bertan inguruko interesguneen informazioa jasoko dugu: Bide Berdea, Orgiko hariztia, Beigorri abentura parkea, Aralarko Santutegia, eta hainbat ibilbide azaltzen dituen liburuxka. Guk Mendukilo koba ezagutuko dugu, eta ondoren Iribasko iturburura joango gara. Horretarako, autoz Alli herrira joango gara lehenik, eta Astitzerantz hartuko dugu ondoren (NA750). Herria baino lehen, eskuinera sartuko gara, «Mendukilo» seinaleei jarraiki. Bost minutuan iritsiko gara harrera etxera. Kotxea parkingean utzi, eta bagoaz barrura.

Aralar mendizerra grouyer gazta handi bat dela azaltzen digun maketa dugu ikusgai bertan. Baita lurrazpiaren maketa ere, benetako kobara sartu aurretik presta gaitezen. Ondoko gelan, 15 minutuko ikus-entzunezkoak Aralar mendizerra aurkeztuko digu bertako artzain, mendizale, eta adituen eskutik.


Ibilbide botanikotik koba ahora

Harrera etxearen bueltan 1,5 kilometroko ibilbide botanikoa dugu. Bide hau jarraituta iritsiko gara kobazulora, zonaldeko zuhaitz esanguratsuenak ikusten ditugun artean: elorri zuria, pagoa, lizarra, haritz kanduduna, urritza, hostazuria, haritz amerikarra, gorostia, zuhandorra, zumarra...

Iritsi gara kobaren ahora, eta zortzi laguneko taldea elkartu gara. Berehala iritsi da gida, eta iaz jarritako burdinazko atea zabaldu digu. Ate honen aurretik harrizko horma batek estaltzen zuen kobako sarrera. Izan ere, jendea kontrolik gabe sartzen zen, estalaktita eta bestelako formazioak hautsiz eta lapurtuz. Baina kobaren zikloa eragozten zuen paretak, horregatik jarri dute zulo handiak dituen atea. Barra horizontalak ditu koba sarrerako ateak, bertikalak izanez gero, bertako biztanle diren saguzarrak ezingo bailirateke sartu edo atera.

Aurrean dugun koba duela 160 milioi urte inguru sortu zen. Ikusgarrienetakoa bai, baina ez da inguru honetako koba bakarra: Aralar kararrizko mazizoa izanik, badira 800 kobazulo erregistratuak.


Artzainzulo

Mendukilok mendiko ukuilua esan nahi du, eta sarrerako gelari Artzainzulo izena jarri zaio, bertakoek eman izan dioten erabileragatik: Astitzeko zaharrenek kontatzen dute nola babesten zituzten bertan 70-80 ahuntzeko taldeak eguraldi txar eta elurretatik. Baina lehenagoko artzainek ere erabili izan zuten gune hau: aurkitu diren aztarna arkeologikoek -zeramikak, su hondarrak, pareta bat...- adierazten dute Burdin Aroan (900-200 k.a), Aralarko megalitoak egin zituzten artzainek erabiltzen zutela sarrerako gela hau.


Kontuz hartzekin!

Zaldain edo pasarela flotakorretik behera abiatu gara, koba barrenera. Baina gidak araua gogor azpimarratu digu: «Ez hormarik ukitu, ez estalaktita eta estalagmitarik, ez bestelako formaziorik».

Berehala iritsi gara Hartz zulora. Bertan, leize-hartzen bi garezur topatu zituzten. Hankak dardarka jarri zaizkigu kobazulo ilunetik horrelako piztiatzarra ateratzean gizaki batek baino gehiagok bizi izango zuena imajinatzean.

Baina hortz polit askoak ere badira koban, begira bestela bertako estalaktita -sabaitik zintzilik daudenak- eta estalagmitak -lurrean altxatzen direnak-. Eszena benetan erromantikoa ikusi dugu koban: estalaktita eta estalagmita, bat egiteko zorian! Tira, «zorian», 500 urte edo bakarrik faltako zaie egun handirako.

Hartz zuloa da beste bi geletarako sarbidea: Laminosin dugu ezkerrera eta Herensugearen gordelekua eskuinera. Goazen Laminosinera.


Laminosin

Lur azpitik 30 metrora gaude eta ipuinetakoa dirudien ur putzua dugu aurrean. Ur putzua zeharkatuta beste zulo bat, eta aurrerago hainbat txoko egongo direla sumatzen da. Baina horra adituak bakarrik sartzen direla azaldu digu gidak: «Publikoarentzat pasabidea jartzeko formazioak hautsi beharko lirateke».

Lurraren kanpoa eta barrua lotuta daudenez, barrua kanpoaren ispilu dela ikasi dugu: kolore beltzeko hormarekin egin dugu topo. Orain 200 bat urte, koba gaineko basoa erre egin zen eta iragazitako urak errautsak ere ekarri zituen, kostra beltz hau sortuz.

Hartz zulora itzuli eta Herensugearen gordelekura sartu gara.


Tssss! Herensugea esnatu gabe

30 metro garai eta 60 metro luze ditu gela honek. Sekulako gaztelua saguzarrentzat. Beste bi sala daude beheko zulotik jaitsita: Gerlariaren gela eta Intxixuren Gordelekua. Baina hauetarako ere ez dago pasabiderik, kobaren formak zaintzearren.

Bat-batean, argiak itzali dira 40 segundoz. Dena ilunpean geratu da, hiri batean sekula ezagutuko ez dugun erabateko iluntasunean, eta isilik, lurrazpia sentituz, koba entzun dugu: ttan-ttan-ttan ttanttoak doaz estalaktitetan behera. Sekulako patxada arnasten da. Argiak itzuli direnean, lehen esploratzaileek berau aurkitu zutenean bizi izan zutena sentitu ahal izan dugu.

Sei metroko estalagmitatzarra eta erabat txuria den zutabea ikusi ditugu. Urak dakarren buztinak ematen die kolorea formazioei, eta zutabe hau, aldiz, batere buztinik gabe datorren urak sortua da.

Eskaileretan gora itzulerako bideari ekin diogu. Baina oraindik uraren ibilbidea dugu deskubritzeko: Aitzarrateta iturburua.


Aitzarrateta iturburua

Mendukilokoak agurtu, kotxea hartu eta Iribas herrira joan gara -Lekunberrirantz jo eta bidegurutzean Lekunberrira beharrean gora hartu, NA-7504-.

Herri sarrerako seinalearen parean utzi dugu kotxea, eliza atzean. Bertatik jada seinaleztatuta dago Aitzarrateta iturbururako bidea, marra txuri berdeekin. Horiei jarraiki eta bi kilometroren buruan iritsiko gara haitz ikaragarrien artetik ateratzen den Ertzilla errekaren iturburura. Parean errota izandakoa eta presa moduko bat ditu.

Nola ez, ura edanaz bukatuko dugu gaurko eguna, zenbat indar duen argi geratu zaigu eta.

Kobak du lehentasuna

Orain urtebete (2005eko uztailaren 22an) ireki zitzaion publiko zabalari Mendukilo koba. Astizko biztanleak gonbidatu zituzten ikustera, eta zaharrenak harrituta geratu ziren «jakin bagenu hau zegoela hemen azpian!». Eurak betidanik ezagutu zuten sarrera dena lokatzez josia, eta ez ziren barrurago sartzen. Obrak egin eta zuzentzeko kontu handia izan dute, horretan aditu gutxi baitago inguruan. Andaluziako bi adituk markatu zieten gauzak nola egin. Azaroan Kobazulo Turistikoen Nazioarteko Lehen Kongresua egin zen, Cuevatur 2005 deitua. Urtarrilean eta otsailean koba itxita izan zuten, irekieran sumatutako gabeziak bete eta kongresuan ikasitakoa aplikatzeko. Martxoan hobekuntzak eginda ireki eta ekaina arte, 9 hilabetean, 23.000 ikusle pasa dira, horietatik 3.000tik gora eskolako ikasleak.

Proiektuaren arduradunek garbi dute Mendukilo ez dela koba turistiko bat bakarrik: Laborategia da, eta Lurrazpiko Nafarroako I. Eskola ere bai. Ingurumen heziketako programak eskaintzen dira, eta ikastetxeekin lan egiten dute, lurrazpiko ekosistemaren berezitasunak ezagutzeko. Izan ere, euren helburua jendea sentsibilizatzea da eta horretarako ezinbestekoa da ezagutzea.


Lurrazpiko laborategia

Kobazuloek egonkortasun klimatiko izugarria dute. 8,5 gradu egiten ditu Mendukilon, eta urte osoan gehienez gradu bat berotzen da. Hezetasuna %100ekoa da. Baina gu koban sartzen garenean kobako klimatikan eragiten ari gara. Hau dena ikertu eta kontrolatu ahal izateko, koba barruan estazio klimatiko bat dago bisitatuko dugun gela bakoitzeko. Hauek neurtzen dute CO2, hezetasuna, tenperatura, presio atmosferikoa... Datu horiekin bi urte inguru iraungo dituen ikerketa bat osatzen ari dira, Alfontso Antxia Zientzia Espeleologiko Elkartearekin. Helburua, zehatz eta datu objektiboekin, kobaren karga gaitasuna zein den neurtzea da, eta hori kudeaketan aplikatzea. Hau da, kobako klimatikak kalterik nozitu gabe zenbat pertsona sar daitezkeen eguneko jakin nahi dute. Kopuru zehatza jakin artean, prebentzio gisa 375 pertsona sartzen dira koban egunean.


Gaitz berderik ez

Argiztapena dinamikoa dela ohartuko da kobara sartzen dena. Kobazuloko gune bat pizten da, eta bertan bisitariek pare bat minutu eman ondoren, gune hau itzali eta hurrengo gunea pizten da. Argiztapen mota honi esker lortzen da bisitak 50 minutu irautea, eta gaitz berdea deitzen dena saihestea. Gaitz hau da koba turistikoen arazo nagusietakoa, argiztapen artifizialak sortzen baitu. Izan ere, kobako paretetan bizi diren mikroorganismoek moldapen gaitasun handia dute, eta argi izpirik sumatzen badute, gai dira klorofila sortzen hasteko, eta ondorioz, landareek bezala fotosintesia egiteko.


Zegoen bezala uzteko moduan

Kobazulo sarreran zaldain edo pasarela baten gainean egiten ditugu beheranzko lehen metroak. Material bereziak erabili dira hau egiteko, izan ere, koban ura etengabe iragazi egiten da, eta pasarelak urari iragazten eta bere bidea jarraitzen uzten dio. Hortik aurrera, zaldain flotakorretik ikusiko dugu koba osoa. Hau ere zuloz josita dago, helburu bera lortzeko. Gauzak okertuko balira, zaldain osoa kentzeko moduan dago eginda.

Troglobio eta saguzarrak: Kobako biztanleak

Troglobioak izaki ornogabeak dira, eta gehienak kobatik atera gabe bizi direnez, hezetasun handi, tenperatura iraunkor eta erabateko iluntasunera moldatuta daude. Itsuak dira, gardenak -eguzki erradiaziotik babesteko pigmenturik ez baitute behar-, eta ez dute azal edo kutikularik lehorretik babesteko. Entzumena eta ukimena oso garatuta dituzte euren antena, ile eta hankei esker. Materia organikoa jaten dute: saguzarren gorotzak, koba ahotik sartzen den lohia... Hauetako asko erabat espezie endemikoak dira, hau da, Aralarko leizeetan bakarrik daudenak.

5 saguzar espezie daude Mendukilon. bizitzaren 3/4 koba barruan ematen dute, eta jaki bila irteten dira kanpora, iluntze eta egunsentian. Ziklo biologikoaren arabera aldatzen dira gela batetik bestera, gordelekutik gordelekura. Izan ere, guk gizakiaren neurrira izendatzen dugun kobaren barruan, zenbat koba ote daude saguzar edo troglobio batentzat? Mitoek sortu dute ugaztun hegalariarekiko beldurra, baina adiskide izateko motibo gehiago ditugu, gizakion odola zurrupatzen duten eltxoak eta intsektuak jaten baitituzte saguzarrek.


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude