I
Bizitzak zenbat gurpila ditu?
Bi beharrean hiru balitu!
Zenbat ziaboga, zenbat palada
itsas olatu, uhin balada
muskulu masa
odola, hormona edo arnasa...
baina ez da deus berririk pasa
II
Zer gara geurez, zer da laguntza?
Nondik aurrera ezin da bultza?
Estutu eta behartzen baitu
zerk eraginda nork jartzen gaitu
lehia hutsean
dopina bera ere funtsean
buruan dago ez gorputzean
III
Zer eskandalu, zer harridura,
hutsa urruti balego hura.
Etxean nola ote gabiltza?
Guztia al da pasta ta pizza?
Giharrak sutan
afizionatu eta heldutan,
eta edozein asteburutan
IV
Muga-helmuga arteko herrak
ta interesen arteko gerrak.
Orain gurpilak haizez hustuta
baloia berriz puztu-puztuta
borobil, bitxi
nahiz Europan ez aterik itxi
Alemaniara ez da iritsi
V
Antidopina, famatu bila
langilea izorra dadila!
Alemanian putetxe berria
Mundialen aitzaki jarria
larrua uzten
analisitan ez al da ikusten
zer hartu beharko ote zituzten?
VI
Ta politikan ba al da dopinik?
Garbitik zenbat duen jakinik...
Berdin du legez zein legez kanpo
gehienak ere hartzeko pronto.
Ta bertsogintzak?
Ba al du dopinik ahozko hitzak?
Analisitan ez dator behintzat.