argia.eus
INPRIMATU
Nahi ote?
Allande Boutin 2007ko otsailaren 21a

Batera plataformak iniziatiba herrikoiaren erreferendumaren eskaeraren aldeko kanpaina fase erabakigarrian sartu da. Hots 46.000 izenpetze bilketan. Pirinio Atlantiarrak deitu Departamenduko boto emaileen %10. Hau da erreferenduma lokala eskatzeko bildu behar dena. Asko da. Kontutan hartzen badugu, Departamenduko ekialdean, Biarnon, jendea ere interesatu behar dela. Haiekilako baikorragoa izateko, horrela Biarnoko Departamendua erdiesteko aukera izanen dutela adierazi beharko litzaieke, bereiztea baino bi nortasunen aldeko apustua egiten dela azpimarratuz. Aipa dezagun ere firma kanpaina honetan baietzaren alde izatea jendeari ez zaiola eskatzen, baizik eta populuak erabakitzeko aukera izatea. Azkenean jendeak baietz ala ezetz esan dezan, baina erabaki dezan!

Ontsalaz, 2003ko dezentralizazio legeek baimentzen dute horrelako erreferendumen eskaera. Baterak Iparraldeko auzapezei ekainaren 10ean udaletxeak irekiak uzteko baimena eskatu zien, izenpetze kanpaina aitzina eramateko, eta dagoeneko, sinatu dutenen datuak egiaztatzeko -ezen sinadurak balioa izan dezan, hauteskunde bulegoetan erregistratua izan behar du-. Kasu gehienetan, arazorik gabe goiz horretan baimena izan zuen Baterak. Zenbait kasutan, hala nola Baionan edo Miarritzen, alkateak pertsonalki Departamenduaren ideiaren kontra izanik ere, Herriko Etxeetako ateak ireki zituzten, demokratikoki. Hau puntu ona!

Puntu ez hain ona izan da Baionako alkateordeak eta Baterakideak Paueko Prefetuari idatzi gutun irekian azpimarratu duena: Prefetuak auzapezei Baterari udaletxeak irekitzea ez zela bidezkoa jakinarazi zien. Elkartearen helburuek ez baitute omen deus ikustekorik, Herriko Etxeek kudeatu behar dituzten gaiekin. Legegizona den aipatu Baterakideak adierazi duenez larriak dira administrazioaren ikusmolde eta jokamoldeak, zeren 1982ko lehenengo dezentralizazio legeen ondotik, Prefetuaren kontrola ez baita egiten erabakiak hartu baino lehen baizik eta hartu ondoren. Hain zuzen ere udal autonomia errespetatzeko! Hor presionatze saiakera ikusi eta salatu du Baionako zinegotzi zentrista euskaltzaleak. Gaineratu du ere bai, Administrazioak erran ez bezala, Kontseilu Nagusia edo Departamenduetako biltzarren eskumena dela hauen muga edo barne antolamenduari buruzko erabakiak hartzea. Nahiz Frantziako Parlamentuak azkenean erabakitzen duen. Horiek oro aipatuz, berriz zera argi geratzen da: Iparraldeko zinegotzi eta auzapez gehienek, edozein alderdietako izan, Departamendua eskatzen dutela eta Parisek, ez dakigun zeren beldur, ez duela ez eta ere horri buruz eztabaidatu nahi.

Azken datu bat: 10.000 sinadura inguru bildu dira... Helburuetarik urrun momentuko. Iparraldeak benetan zer nahi du?