argia.eus
INPRIMATU
Morituri te salutant
Joxerra Garzia 2021eko uztailaren 20a

Ustel usaina jasan ezina bihurtzen ari zitzaigula erabaki ziguten bat-batean, eta, far-westeko filmetan Zalditeriako Zazpigarrena nola, izen zibila eta izan militarra duen patruila bidali zuten, txunta-txunta arranditsuaren erritmoan, John Wayne-ren paperean epaile bat jarririk, indio gaiztoak "garbitzera".

Ari nintekeen, baina ez naiz Marlaska Handiaz ari. Ari nintekeen, baina ez naiz denok auzoan nahi genukeen zabor-erraustegiaz ari. Ari nintekeen, baina ez naiz tabakoaren legeaz ari; ezta bestelako drogez edo etorkinez edo futbol mundialaz ere.

Txirrindularitza garbitzeko abiatu berri duten liftina nuen gogoan, lerro hauek idazten hasi naizenean. Hala ere, B edo C saileko spagetti bezala, dèjá vu egiten zitzaidan, ezagunegia aukeran.

Gidoia beti bera baita. Gizarteak -guk geuk, alegia- gero eta helburu zentzugabeagoak harrarazten dizkiogu geure buruari, gero eta mortirolo pikoagoak igo ezean biziak graziarik ez duela sinetsarazita. Gero, helburu zentzugabeok iristeko batzuek direnak eta ez direnak irensteko prest daudela eta horrek "gure" irudia zikintzen duela ikusita, sherifa bidaltzen dugu, edo kapitaina, edo dena delakoa, guk eskatua egitearren bizia emateko prest dauden gladiadoreak begien bistatik ken ditzan.

Ematen digun irudia gustuko ez dugunez, ispilua haustea da errazena.