Mari Puri Herrero: "Beharbada jende gutxiagok joan behar du museoetara!"


2006ko uztailaren 09an
1942an jaio zinen, Bilbon. Hortik hasiko gara...
Abenduaren hamarrekoa naiz. Kuriosoa da, bada pintore mordoxka bat egun horretan ez bada, hor inguruan jaiotakoa.

Bilbon jaioa, baina ez dituzu han sustrai guztiak...
Amaren aldeko familia Artziniegakoa zen. Martinez de Nanclares dut bigarren deitura, oso Arabakoa. Aita bai, Bilbokoa nuen, eta ni neu ere Bilbon jaio nintzen, Errekalde alamedako etxe modernista batean, Colon de Larreategi kalearekin izkina egiten duenean: Montero etxea. Gaudirena ematen duela esaten du oraindik ere jendeak.

Ez da nolanahiko etxea.
Kanpotik ez ezik, barrutik ere zer edo zer baino gehiago da etxe hori. Hango moldura eta sabai koloreztatuak eta! Oso modernista, etxea. Nik uste etxe hark markatu egin ninduela: sabaian pintatuta zeuden txoriak, arbola-adarrak eta! Inor markatzeko moduko etxea, badiotsut. Etxe hura, beraz, alde batetik. Bestetik, ordea, Artziniega. Hona etortzen nintzenean, amamarenera eta izekorenera, kontrakoa gustatzen zitzaidan: hemengo austeritatea erabatekoa zen. Harria, egurra, argia... horregatik diot mutur biak ezagutu nituela. Uste dut horrek markatu egin nauela estetikoki.

1942an bost urte ziren Areilzak, Bilboko alkate zelarik, gerra-diskurtso hura egin zuenetik Albia antzokian.
Gogoan dut gure txikitan oraindik ere bizi-bizirik zeudela gerraren oroitzapenak. Jendeak iragan berria zuen gerra. Gogoan dut errazionamendu kupoiak ibiltzen zituela jendeak. Gogoan dut ogi zuria egiten zela gure etxean; Bilboko beste hainbat etxetan bezala, alegia. Amaren familia zela eta, askotan etortzen ginen Artziniegara. Hemen, amamak denetarik zeukan: arrautzak, patatak, barazkiak... Artziniegatik Bilbora, berriz, zera zegoen, fielato bat, muga moduko bat zegoen Kastrexanan: ez zegoen jeneroa pasatzerik. Artziniegatik Bilbora gindoazela, gure aita oso urduritzen zen, uste zuen harrapatu egingo zutela, jeneroa kendu.

Giro zaila neskatikoa pozik hazteko.
Gure familian bi bandoetako jendea zegoen. Hori da gerra zibilek dakarten gaitza. Etxean gerrako historiak entzuten nituen, kartzelakoak... Baina, gehien-gehien gogoratzen dudana eta nigan arrasto itzela utzi duena Bilbo ilun hura da, izpiritualki miserablea. Gogoan dut erakusketak ikustera joaten nintzela eta negargarriak zirela. Garaiko kultur giroa penagarria zen. Beste zera hori, aldiz, gerrako historiak eta, horixe besterik ez ziren: istorioak, Sakamantekasena bezala, mitoak.

Gerrako historiak batetik, Bilbo iluna bestetik.
Barru-barrutik bizi nuena giro ilun hori zen, Bilbo beldurgarria. Gainera, iruditzen zait orduan gehiagotan egiten zuela euria, dena ilunago zela. Hileta eszena haiek eta! Zalgurdi beltza, hildakoa barruan zeramala. Hildakoa haurra bazen, zalgurdi txuria. Zenbaitek ez dit sinesten, baina ni ondo gogoratzen naiz: apaizak biatikoarekin pasatzen zenean, monagiloa zeukan aldamenean, kanpaiarekin. Gu, berriz, belaunikatu egiten ginen espaloian, nahiz eta bustita egon, hark pasaeran kanpaia jotzen zuenean. Oroitzapen izugarriak dira.

Ikasketak eta?
Lehenengo, Bilbon bertan, mirabeen kolegioan. Gero, hamar urte nituela Zallara bidali ninduten gurasoek, barnetegira. Oroitzapen siniestroa dut hangoa. Irlandar mojak ziren. Ingeles hezkuntzaren goresmen egiten zuten. Zioten huraxe zela hezkuntzarik onena: oso estuak ziren. Oroitzapen tenebrosoa dut. Hara, Artziniegatik iparraldera goazela, pinu beltza hasten da Okondon, eta halakoxea zen Zalla ere: beltza. Mendiak beltzak, giroa beltza, eta kultura giroa, berriz, izutzeko modukoa.

Gurasoek bazizuten asmoren bat: barnetegira bidali zintuzten, garai hartan!
Onena zelakoan zeuden. Modak dira. Baina horrek garbi adierazten dizu orduko giroa. Zeure burua zigortu beharra, belztasuna, tristura... zer zen hura, ordea! Kartzela bizi zutenek huraxe izango dute esperientzia gogorrena baina, nirekiko, Elizak garai hartan zuen indarrak ez zion batere inbidiarik Francok zuenari. Hortik atera kontuak. Dena zen bekatu. Zallako kolegioan, adibidez, Espainiako himno nazionala jotzen ziguten kontsagrazioan, jai handietan. Eta "mojatxoa" organo-jole. Elizatik barrena begiratzen genion munduari, haren katixima izugarritik barrena.

Behin edo behin entzuna dizut esaten ez zinela ikasle ona...
Oso ikasle txarra nintzen. Ez nuen batere ikasten, baina zirrimarraz beteta neuzkan liburu denak: pertsonen zirrimarrak eta.

Zerk dela eta jotzen zenuen horretara?
Liburuetako ilustrazio eta argazkiei begiratzea gustatzen zitzaidan. Gure aitak bazituen zenbait liburu, oraindik gordeta dauzkadanak: argazkiz beteta daude. Figuras de la Historia eta. Edo geografiazkoak, arteari buruzkoak... denetarik. Sei urte nituela haiei begira egoten nintzen. Irudi bidez ikusi nuen mundua, zuri-beltzean. Horrek grabatura eraman ninduen gero.

Menchu Galek esan zidan marrazki eskolan eta behin ere ez zaiola ahaztu moja batek egin zion errieta...
Pertsonajea da Menchu... Berdin esango nizuke. Izuturik bizi nintzen barnetegian. Hain izugarri zen dena! Ni baino gazteago zara eta ez daukazu pentsatzerik ere nortaraino zen erlijioa jendea beldurrak airean edukitzeko sistema. Gu umemokoak ginen eta mojak, berriz, infernuko kontuak kontatzen pasatzen zuten denbora, betiereko sua gora eta behera... Horiek entzunda, demonioak marrazten nituen nik askotan. Inpresionatu egiten ninduten demonioek. Mojei ez zitzaien hori gustatzen, bistan da. "Infernuko zulora joango zara". Mundu hura erabat miserablea zen. Ez dago sinesterik ere. Bizi izan ez duzuenok ez daukazue hura pentsatzerik ere.

Ez dakit egia den, ala topiko, baina artista baten bizian beti ageri da irakaslea. Zure kasuan, Asentzio Martiarena...
Donostian pasatzen genuen uda. Egia esan, udako garai hark atzeraka eragiten zidan. Nahiago nuen iraila, Artziniegara etortzen ginenean. Donostian Martiarenaren berri eman zidaten eta berarengana joan nintzen. Hainbat gauza erakutsi zizkidan. Oso gauza kuriosoak. Jendea oinez pintatzen, adibidez. "Hau erori egingo da. Hau ez dabil ondo", esaten zidan. Mundua beste era batera, atseginago, erakusten hasi zitzaidan. "Hau gaizki baino okerrago dago!" esan beharrean, bestela jarduten zuen: "Saiatu hori egiten. Ea asmatzen duzun". Orduantxe hasi nintzen pentsatzen munduan gutxi-asko ondo bizi zintezkeela. Izan ere, mojek transmititu ziguten bizimodua ez zen batere alaia, batere gustagarria.

Martiarena ezagutu orduko, pintore zinen?
Ez. Dena dela, beti jardun nuen pintatzen. Orduak eta orduak egiten nituen pintatzen. Ez dakit noiz hasi nintzen ere. Baina badakit inguru hura, kolegioa, mojak, giroa... ez zitzaidala libertigarri. Ez nuen gozatzen neskek edo mutilek gozatzen zutenarekin. Oso bakartia nintzen. Duela gutxi txikitako lagun batekin egin nuen topo. Bilboko mirabeenetan ikasten nuen garaiko laguna! Zera esan zidan: "Zu bazter batean egoten zinen beti, jarrita, adreilu txikitzen". Adreilutik pigmentu ateratzen! Materiaren kolorea interesatzen zitzaidan.

Kolegioa ere bukatuko zen noiz edo noiz.
Gaizki pasatu nuen kolegioan. Gainera, takikardiak izaten nituen. Halako batean, aitak esan zidan: "Tira, pintatu nahi baduzu, pintatu!". Eta hamazazpi urte nituela Madrilera eraman ninduten. Harako gogoa neukan, Prado Museoa ikusi nahi nuen. Velazquezen aretoa eta! Liluratu egin ninduen. Garai hartan egurrezko zorua zeukan museoak eta areto batetik bestera zindoazela karrax-karrax egiten zuen egurrak. Zoragarria zen. Jakina, orain ez da egurrezko zorurik. Akabo bada, dena erretzeko ere!

Bilboko museoa ondo ezagutzen zenuen zuk ordurako...
Parkera joaten nintzen senideekin. Haiek jolas egiten zuten eta ni museora sartzen nintzen. Ez zitzaidan soka-dantzan eta holakoetan jolas egitea gustatzen. Pezeta bat balio zuen museoko sarrerak eta amak pezeta hura ematen zidan. Pribilegioak nituen. Museora sartu eta inor ez! Ezta arimarik ere. Bedelak, nire atzetik, gela batetik bestera. Egundoko misterioa zuen museoak niretzat. Hura konparatu gaur egungo joerarekin, eskola-umeak museora eramateko ohitura horrekin, eta kontrastea izugarria da: ume mordoa, hirurogei igual, denak museora, "koadro honetan halako eta halako ageri da eta...",. Nire oroitzapena bestelakoa da.

1963koa duzu lehenengo erakusketa, Bilbon bertan.
Bai. Poliziak itxi zidana.

Itxi? Horrelakorik ez nekien.
Bai. Nik egiten nuen pintura modua ez zen garai hartan Bilbon egiten zena. Nik oso gauza espresionista egiten nuen, iluna, pertsonaia arraroak ageri ziren nire lanetan...

Giza irudi desitxuratuak ordurako?
Bai. Gordeta dauzkat oraindik. Kontua da erbestean ibilita nengoela eta ez nuela Bilboko jendea ezagutzen. PCkoak eta. Erakusketara, berriz, Dionisio Blanco, Blas de Otero eta beste etorri ziren.

Agustin Ibarrola eta?
Bai, horiek denak. Konturatu ziren erakusketa hura ez zela besteak bezalakoa eta zalaparta sortu zen. Eta bata zela, bestea zela, brigada politiko soziala azaldu zitzaidan inaugurazio egunean, galdezka: "Eta eskua jasota daukaten hauek, zergatik daukate jasota eskua?". Nik batere asmorik gabe eginak nituen lan haiek, arteari buruz dudan irizpidearen arabera. Haiek galdezka eta galdezka. Nik belaunak dar-dar. Galderak egin eta, azkenean, kartela eseki zuten: "Itxita, gobernuaren aginduz".

Ez zen inauguratu?
Biharamun arte ez. Orduan bai, irekitzen utzi zuten, eta ez dakit zergatik. Gero, Hierro kazetan sekulako kritika egin zuten erakusketaren kontra, gupidarik gabea ordea. Hebain-hebain egin ninduen kritikoak. Ondoren zera jakin nuen, alegia, aurretik beste kritikaren bat egina zuela, Ibarrolaren erakusketaren baten gainean, artistaren lanaren oso aldekoa, eta kartzelara sartu zutela. Kritikoa, alegia. Eta, jakina, nik erakusketa egin eta ireki baino lehen itxi zutenean, "honi egurra!", pentsatu zuen. Ez kasu egiteko okerreko bidetik eraman nintzaketen ahots korifeoei eta antzekoak idatzi zituen.

Handik laster Amsterdamera joan zinen, grabatua ikastera.
Bilbon egiten zen zinema dokumentalaren jaialdi batean Rembrandti buruzko labur bat ikusi nuen. Erabat jo ninduen. Rembrandt pintore eta grabatzaile izan zen, biak, eta antzokitik irten eta horixe esan nion neure buruari: "Amsterdamera joan behar dut!". Eta haraxe, 66-67an. Han galaxiatik irten nintzen.

Zer esan nahi duzu, zertan lagundu zizun Amsterdamek?
Ez dagoela gatazkarik pintura klasikoaren eta pintura modernoaren artean. Hemen, aldiz, erabaki beharra zeneukan, bata ala bestea. Hautsi beharra zegoela esaten zen hemen eta ez zuten arrazoi faltarik, zenbaitek egiten zuen pintura kontuan harturik, hau da, XIX. mendeko pintura egiten baitzuen askok, XX. mendean egonda ere! Holandan, bestalde, egoera oso ezberdina zen. Materialari zegokionez, adibidez, hemen pobrezia handia zegoen. Ni grabatua egiten hasi nintzenean, 1958-59an, hemen zeukaten papera txarra baino txarrago zen. Amsterdamen, berriz, papera primerakoa, pinturak primerakoak... hango Rijksakademie-n ikasleei oparitu egiten zizkiguten pinturak, oparitu, merkatuan zeuden onenak! Beste maila bat zen. Oparotasun handia zegoen, hemen ez bezala. Teknika ere asko ikasi nuen Amsterdamen. Material ezberdinak landu nituen. Mihiseak ondo prestatzen ikasi nuen. Eskuzko lanari garrantzi handia ematen zioten, eta hori oso inportantea da.

Alfonso Perez Agote soziologoarekin ezkondu zinen 1969an eta harekin batera ibili zara Paristik hona, Madrilera hurrena... Bilbon, Gabriel Aresti aurkeztu zizuten behin.
60tik 70era asko joaten nintzen Tomas Ellakuriaren inprentara, Villerias kalean, eta jende asko ezagutu nuen han. Eta behin, hantxe ezagutu nuen Aresti. Baina ez nuen tratatu.

Arteak estetikatik ez ezik justizia sozialetik ere behar zuela zioen...
Bai, baina. Zehaztu egin nahiko nuke hori. Egia da inguruak zipriztindu egiten zaituela, baina artea ez da panfletoa. Ezin du izan. Artelanak aditzera ematen du egoera bat edo dena delakoa, aditzera eman, baina zuzen-zuzenean bertara jo gabe. Nik ez dut panfletoan sinesten, ez naiz horren aldeko.

Otsailean egin nahi nuen elkarrizketa, Bilbon egin zenuen erakusketarekin batera. Baina Parisa joatekotan zineten eta ez genuen egiterik izan orduan. Handik itzultzen zinetenean egingo genuela agindu zenidan. Eta, egia esan, bart etorriak zarete Paristik. Paris, behin eta berriz.
70ean han izan ginenetik, beste zenbait egonaldi labur egin ditugu han. Aldi laburra igarotzen dugunez gero, ez daukat estudio handirik jartzeko modurik eta paperera, formatu txikira jo beste biderik ez dut izaten. Eta papera zerbaiten enbrioi da beti. Sinesmen handia diet paper txikian ageri diren ideia eta arrasto txikiei. Bestalde, kanpoan egoteak, ikertzaileen erresidentzian, austeritatezko estetika horretan, ideien mundua besterik ez daukazu, eta horretan ematen duzu denbora. Lurretik gora bezala zaude, pentsatzeko astia daukazu, egin duzunaz eta egiten ari zarenaz. Izan ere, askotan bizitzak berak eramaten zaitu, handik edo hemendik, eta ona da bertan keda egin eta gogoeta egitea. Gainera, zuk egiten dituzun ez bezalako lanak ikusten dituzu kanpoan eta horrek zeure lana beste era batera planteatzera behartzen zaitu. Aro aberasgarriak zaizkit, oso.

Joan deneko hogeita hamar urtean hainbat erakusketa egin dituzu, bakarka eta taldeka, eta zure lanak leku askotara iritsi dira... Diote zailena ez dela iristea, bertan irautea bazik.
Dudarik ez izan horretan.

Irauteko, ordea, aurrera egin beharra dago. Inork ez du barkatzen.
Erakusketa egiten duzun aldiro zer edo zer berri ez baduzu, galdua zara: ez dizute hots egingo erakusketarik egiteko. Lehen egindakoa behin eta berriz egiteak, baina hasierako tentsiorik gabe, okerrago egitea dakar. Hazi beharra dago. Niri, pinturan, artisten trantsizio garaiak interesatzen zaizkit, tentsio berezi bat izan ohi da eta. Hortxe egosten dira etorkizuneko lan onenak, oker asko eginda bada ere. Baina okerrak egin beharra dago. Okerrik egiten ez baduzu ez duzu aurreratuko. Are gehiago orain. Artea masa-espektakulu izan dadin egoskortuta daude. Nahitaez izan behar omen du horrela. Horrek asko behartu du egoera, eta txorakeria asko esatera ere bultzatu du jendea. Parisen izan garen honetan, museoetara joan nahi eta, hobe ez joan, ezinezkoa da eta: hantxe, jende mordo bat, denak audio-gida hartuta. Jakina, audio-gida horretan benetako arteari buruzko edukiak entzunaraziko balituzte, akabo!, ihesi joango ziren ikusleak. Fernandoren egiak esan beharrean zaude audio-gidari lotuta jarrai dezaten, koadroari begiratzen ez badiote ere; begiak itxita egon litezke. Gaur egun arteak masa-espektakulu izan behar duenez, masak jasoko duen moduko mezuak zabaldu behar dituzu. Izugarria iruditzen zait. Penagarria. Garai hori bizitzea tokatu zaigu.

Akabo Mari Puri neskatiko hura, Bilboko museoan bera bakarrik ibiltzen zena, bakarrik areto batetik bestera, bedelak zelatan zituela.
Arteak elitista izan behar du, baina ez diruagatik, edo halako auzo batean jaioa zarelako, lana ulertzeak eskatzen duen esfortzuak merezi dizulako baizik. Adibidez, oso gustura egon naiz Berlingo museo klasiko egin berrian. Han bai, zera esan nion neure buruari: "Hau bai, museo hau ni bezalako lau oilorentzat da!". Erakusketa primeran jarrita zegoen, koadro bakoitza bere lekuan, batere ez soberan. Bazebilen jendea, baina ez taldeka, isilik baizik, errespetuz, arretaz ikusten. Hori gustatzen zait, eta ez oraingo furia hau: "Ea, zenbat bisitari izan ditugu aurten?". Beharbada jende gutxiagok joan behar du museoetara! Zenbat jende, zenbat jende! Hori, izatekotan, San Mamesen.



Nortasun agiria

Mari Puri Herrero Martinez de Nanclares (Bilbo, 1942). Bilbokoa aita eta Artziniegakoa ama. Hiriko giroan hazi zen nahiz eta herri txikikoa ere bertatik bertara bizi izan zuen. Horrek ekarri dio bere obra artistikoan hain bistara den natura. Asentzio Martiarena izan zuen irakasle Donostian. Madrilen ikasi zuen 1958tik 1961era. Handik bi urtera egin zuen lehenengo erakusketa, Bilbon, inaugurazio egunean bertan poliziak itxiarazia. Amsterdamen ikasi zuen grabatua 1966-1967an, eta Parisen bizi izan zen 1969tik 1971ra. Euskal Herrian, Parisen eta Madrilen bizi izan da harrezkero. Hainbat erakusketa ditu eginak, dela bakarka, dela taldean, batean eta bestean. Haren obraren kalitatea, teknikaren bikaina, kolorearen erabilera harmoniatsua eta kultur asmoa azpimarratu dute kritikoek. Gaur egun, hamaika museo, biblioteka eta era askotako kultur etxetan da Mari Puri Herreroren obra.

Marijaia
«Eta nori inporta zaio Mari Puri Herrerok sortu zuela Marijaia? Festaz gozatzen duenari bost inporta zaio. Ni ez naiz batere festazalea baina pertsonaia edo dena delakoa egiteko eskatu zidaten eta pentsatzen hasi nintzen. 78ko uda zen. Gogoan dut Zuberoako pastorala ikustera joan ginela, autobusetan. Esanahi handiko pastorala zen, ez dakit ez ote zen Orreagan. Autobusean ernatu zen ideia. Kontua zen libertitu zain urte askoan egon zen pertsonaia adieraztea. Ze garai bateko festa haiek… Bestalde, Marijaia ez zen betiko egin. Ez zen asmoa. Lehenengo festa batzordearentzat egitea zen asmoa, lehenengo urteko festa haietarako. Marijaia ez zetorren jai-egitarauan ere. Ustekabekoa izan behar zuen. Baina arrakasta izan zuen eta hortxe segitzen du. Zenbait jenderi ez zitzaion gustatzen, madretik ateratakoa da eta Mari jaia».

Helburu militarra
«Badut marrazki bat, guardia zibil bat neska txiki bati betaurreko ilunak janzten. Nire marrazkien liburuan dago. Beste bat ere ari nintzen egiten behin, 1975ean. Artziniegan nintzen. Garai hartan guardia zibilak zeuden herrian eta orain udaletxe den horretan zuten kuartela. Ondoan, frontoia zegoen eta hantxe egiten zuten jolas umeek. Tartean, gure semeak, bost urtekoa orduan. Gure umea jolasean eta ni, beti bezala, marrazki egiten… guardia zibilak marrazten. Izan ere jende txokantea zen, haien trikornioa eta! Ni konturatu gabe haietako bi atzetik etorri zitzaizkidan. Kuartela helburu militarra zela eta ez neukala hura marrazterik. Agiriak eskatu zizkidaten. Eta hau eta hura. Eskerrak udaltzaina azaldu zen, aspaldi ezagutzen ninduena. Helburu militarra, alajaina!«.

Bilbo-Madril
«Museoak leku misteriotsuak iruditzen zitzaizkidan txikitan. Han inor ez zen ibiltzen. Bilboko museoa neure aurkikuntza izan zen, txikitakoa. Gero, hamazazpi urte nituela Prado museoa ikusi nuen. Bilbon baino jende gehiago ibiliko zen Pradon, baina ez askoz gehiago! Madril, Bilboren aldean, Paris zen. Ez uste, Madrilek ere herri-giroa zuen orduan, baina Espainian zer edo zer ezberdin nahi zuenak haraxe jotzen zuen. Hantxe hasi nintzen ikusten bazela zenbait jende irakurtzeko gogoa zuena, musika zaletasuna, artearekiko interesa... Gogoan dut behin, zera kontatu zutela erresidentzian, ostiral santu egunean jatetxe batera txuleta jatera joan zirela batzuk! Madrilen unibertsitatea zegoen. Horixe zuen bere alde. Bilbon, jesuitena besterik ez zegoen».


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude