argia.eus
INPRIMATU
Inposatutako lan-erreforma
Juan Mari Arregi 2006ko uztailaren 09a
Uztailaren 1ean ezarri da ofizialki lan-erreforma berria. Lan-erreforma hori Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean hitzartu dute. Negoziazioetan ez dute parte hartu Gasteizko Gobernuak, Nafarroakoak, Euskal Herriko patronalek eta sindikatu abertzaleek, baina erreforma Hego Euskal Herrian ere inposatu da. Ipar Euskal Herrian inposatzen diren moduan Parisen erabakitako lan-erreformak. Erreforma berri honekin -seigarrena da!- prekarietatea ezabatu nahi da eta kontratu mugagabeak sustatu nahi dira. Oraindik goiz da erreforma berri honekin enpleguaren estabilitatea lortuko den jakiteko. Orain arte ez da hori lortu bata bestearen atzetik antzeko helburuekin ezarritako erreformekin. Hori bai, badakigu hemendik aurrera enpresariarentzat langileak kaleratzea merkeagoa izango dela: indemnizazioa lan egindako urte bakoitzeko 33 egunekoa izango da, ohiko 45 egunen ordez. Estatuak, gainera, 850 eurotik 3.200 eurotarainoko laguntzak emango dizkie lan-kontratu mugagabe bakoitzeko, eta kotizazioetan beherapenak izango dituzte. «Paktu» horretatik irabazle, berriz ere, enpresariak aterako dira. Enpresariek beraien helburu nagusiak bete dituzte, nola ez sinatu horrelako hitzarmen bat? Sinatu duten sindikatuek, berriz, zein interes defendatzen dituzte? Sindikatuen burokrazia mantentzeko subentzio handiak eta anitzak bermatzea? Nahikoa da!