argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian ez dago euskal hezkuntza publikorik
Arantxa Urbe 2007ko otsailaren 21a
Euskal Herrian ez dugu sekula hezkuntza publikorik izan; bada Baskongadetan, Nafarroan, eta baita Iparraldean ere eskola publikoa deitzen diotena. Baina ofizialki, bi lehenak hezkuntza sistema espainiarraren pean daude, eta hezkuntza sistema frantziarraren menpe dago hirugarrena.

Era berean, baditugu herri ekimenetik sorturik eta bokazio publikoa izanik, pribatuaren trataera duten eskolak; administrazioa haien jabe ez delako.

Hala, euskal hiritar guztiok dugu Euskal Herrian ikasteko eta euskal heziketa jasotzeko eskubidea, eta hezkuntzarako dugun oinarrizko eskubide hori jasotzen duen eskola izango da publikoa eta herritarra.

Euskal Herria diogunean, 21.000 kilometro koadroko orubeaz ari gara: 685 udalerriz eta 3.000.000 biztanlez osatua. Beraz, euskal hezkuntzarako eskubide bera dugu hiritar guztiok; izan Barakaldokoak, Zarauzkoak, Lapueblakoak, Tuterakoak, Miarritzekoak edo Atharratzekoak.

Eta publikoaz ari garenean, hitz horren jatorrizko definizioaz ari gara: izaera publikoa, kolektibitatearena, hau da, herritik sortua. Azken bi mendeetan, batez ere, administrazioek monopolizatu dute publikoaren izaera. Ondorioz, eskola publikoa denona, bai; egitekoa, ordea, administrazioarena bilakatu da. Beraz, herritarrok dagokiguna berreskuratu behar dugu.

Garai berriak datoz mundura. Orain arteko definizio eta antolaketa asko zaharkituta geratu dira, agortuta, baita hezkuntzan ere.

Euskal herritarrok hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea dugu. Europako gainerako herriak bezala, Euskal Herriak bere hezkuntza sistema izateko eta arautzeko eskubidea du. Molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri eta hezkuntza herritarren beharretara egokitu behar dugu, egungo egoera, eta aurretik oinordetzan jasotako sare eta ereduak gaindituz.

Herria martxan dago. Benetan sinesten badugu hezkuntza funtsezkoa dela norbanakoaren taxuketan, herri baten garapenean eta jendartearen kohesioan, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar du.

Eta guk, hezkuntza munduan gabiltzanok, erantzukizun berezia dugu horretan guztian. Hezkuntzako erkide gisa, eta, batez ere, hiritar gisa. Historiaren ataka honetan aktore izatea suertatu zaigu.

Egungo jendartearen ezaugarriei erantzuteko publikoak izaera anitza behar du. Herri ikuspegia iparrorratz dugula, ea molde zaharrak eta gatazka antzuak gainditzeko gai garen; herri gisa, orain arte ezagutu ez dugun hezkuntza publikoa eraikitzeko. Ez da gutxi!