Sekulako lehortearen mehatxupean loretu dira aurten hortentsiak. Hezetasuna, freskura maite... eta ireki ordurako bero sapa. Lehengo bi asteetako euriteak laster etorri zirenari eskerrak... Zaputzaren bidean ximeltzen eri ziren loretzarrak bere onera bueltatu eta guritu dira. Guri-guri gure: ipar partean ugarienetako lorea dugu hortentsia. Behin udaberriko lore desdetxa ahazte bidean jarrita, udako lorealdi bakanagoetan faza ederrean farfail ageri da nonahi: baserri, pabilioi, ola, etxe barru, lorategi... Bai ugaria gauza!
Urtea joan urtea etorri, paisaia hezetan hortentsiak txukun betetzen du bere udarako lana. Betelana du hortentsiak duena dena. Hortentsia loretzar bakoitza loretxo mordoska batez osatua dago. Margarita edo bitxilorearen antzera, multzoaren kanpoko aldeko loreek bere ugaltze funtzioa ahaztu eta forma aldatuz erdiko loreetara intsektuak bereganatuko dituen inguru erakargarri bat osatuko dute. Lorazaleen sektan pixkanaka gero eta eraldatutako lore erakargarri hauetako gehiago dituzten barietateak ehundaka urtetan aukeratuz eta zabalduz, erabat antzuak diren loretzarrak dituztenak dira egun hortentsia klase estimatuenak. Aldaxkaz aldaxka ugalduz, loretik hazia sortzeko lana alferrikako, bere burua erakustera soilik emana, intsekturik erakarri beharrik gabe geure begiak harrapatzeko helburu bakarra du. Gizakiaren gonapera etorri dira hortentsia gehienak eta geurekin joango dira mundu honetatik.
Loreen hizkuntzan gutizia iragankorra, axolagabetasuna eta hoztasuna adierazten ditu hortentsiak. Izenez, ortutik dator hortentsi: ortuzaina eta ortuaren maitalea. Antzutasunaren mamitan biziz, halakoxe fama du: hortentsiak diren etxean emazteak sortutako hika-mikarik ez omen du faltako senarrak eta neskazaharrik bada ez omen da sekula ezkonduko. Antzu eta erakusteko... Donostiako ikur jarriko al dugu?