argia.eus
INPRIMATU
Biek elkar hartuta
Joxemari Ostolaza 2006ko uztailaren 09a

Gu izorratzea xede. Bakea, berez, ez dela zuzena. Hondar atxiloketak gogoan ditudala jokatu dute elkarren kontra Alemanian. Trabiesak ez dira eskas izan gure inguruan. Gehienek, hitzez behintzat, biak galtzaile izatea nahi. Eta ezin, bietako bat garaile irtengo baitzen ezinbestean. Oilarrak nagusi, manzanilloak etxera. La Sexta berria izan dut mezulari, Patxi Alonso bilbotarrak zuzentzen duena. Bluf Montes izeneko ergel bat oihulari eta Julito Salinas beharrezko laguntzaile. Oilarretan, heren bat beltzek osatzen zutela esan digute kar-kar batean, frantses postizoak bailiran. Estatua eta nazioa ez direla bat esan nahi zuten. Hala hartu dut nik behintzat. Eta manzanilloen taldeari erreparatuta, hamaikatik bost zituzten egoera berean. Puyol, Xabi, Cesc, Pernia, Alonso: katalanak, argentinarra, euskalduna. Hauek bezain espainolak badira frantsesak besteak. Bukaeran, ergelen kar-karrak eta adar jotzeak auhenak, Espainiaratu zaizkigu porrotaren hobenak aurkitu nahian, euren ogibideak ez baitu amaierarik. Ez garela bat. Eurek esan dute. Eta ordaintzaileak beti berak, gu alegia. Madrilgo Audiencia Nacionala lekuko, hor jolasten ari baitira gure etorkizunaz bakearen izenean.