argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Oporrei jarriak
2006ko uztailaren 09a

I

Urte osoan zehar
lanean gogaitu
oporretan pixka bat
beharko lasaitu
erabakitzen hasi
ta ezin amaitu
oporrak prestatzeak
estresatzen gaitu


II

Lau lagun ta lau amets
mahaiaren erdira
batzuek hondartzara
besteak mendira
«guazen holakotara
han biak badira!»
ta azken erabakia
sosari begira


III

Kontsumoaren soka
da ezin etena
oporretara joanda
konpontzen da dena
nahiz ta garesti izan
kanpinik merkeena
jende pobrea ohi da
joaten ez dena


IV

Azkenik planak egin
kanpin baterako
nahiz bertatik ez garen
asko aterako
kanpin zahar zulatu bat
dugu aukerako
oskarbi bada ez da
«izarrik» faltako


V

Gu ere joaten gara
kontatu asmotan
etxean bezain ondo
ez egotekotan
erokeria ere
moda da askotan
etxe ordaintzen ta
kanpinean lotan


VI

Nahiz ta gutxi gastatzen
ahalegindu denak
aldapa luzea du
hilaren azkenak
hurrengoak haseran
kezka nabarmenak
irailean «piztuz»
irarik gehienak.