argia.eus
INPRIMATU
Oe oe oe oe
Sustrai Colina 2021eko uztailaren 28a
Gaixo nago. Oso gaixo. Ez dakit mundiala hasi denetik ala inbidia patologia larritzat jotzen denetik den, baina zoroetxean aurrematrikulatzeko aholkatu dit medikuak.

Inbidiak urtu du nire neurona bakarra. Alemanian egon nahi nuke. Nire taldea animatzen, nire herriko himnoa bihotza eskuan kantatzen. Gola sartzean salto, galtzean negar, horixe baita nazionalismoa.

Badakit ez nukeela banderetan sinetsi behar, trapu batzuk baizik ez direla, estatuen pasaporte. Ziur nago, ordea, Bushek gerra gutxiago egingo lukeela mundiala irabazteko taldea balu. Noiz hitz egin da soldadu brasildarrez? Ba al duzue armada argentinarraren berri?

Guk ez daukagu ez armada ez selekzio. Ikurrina bat gara. Xabi Alonsok gola sartzen duenean astintzen dugun serbilleta hori. Hain da jatorra mutila… Zorretan gaude. Angola non dagoen ikasi dugu, Togoko ereserkia bi ahotsetan kantatzeko gai gara, eta komentarista kastillanoak graziosoak iruditzen zaizkigu.

Ez kasurik egin. Gaixo nago. Oso gaixo. Zoroetxean aurrematrikulatzeko aholkatu dit medikuak. Han topatuko omen zaituztet.