Euskal Prentsaren Bidegurutzea


2006ko uztailaren 02an
Francok denbora luzez eman zuen hiltzorian eta hilabete amaigabe haietan, aldaketa sumatu zuten askok. Ez bakarrik politikan, gizartean ere bai; prentsan esaterako. Frankismoaren azkenetan, prentsaren egoera zaila eta aldi berean itxaropentsua zen. Hamar urte lehenago Inprenta Prentsaren Legea onartu zuen Gobernu frankistak. Manuel Fragak sustaturiko lege honek zirrikitu batzuk utzi zituen prentsaren kontrol zorrotzetik arnas pixka bat hartzeko. Hala ere, zentralizazioa erabatekoa zen diktaduraren amaieran. Uztailaren 18ko Mugimenduak hainbat egunkari sustatu eta babestu zituen -La Voz de España, Unidad, Arriba España...- eta gainerako egunkariek ez zuten frankismoaren inguruan duda-izpirik erakusterik, baldin eta otsoaren agin zorrotza probatu nahi ez bazuten. Telebista kate bakarra, parte ofiziala emateko derrigorrezko deskonexioa irratietan... Franco hiltzorian zegoen, baina autoritarismoak inoiz baino osasuntsuago banatu zituen bere perla goxoenak: debekuak, egunkarien bahiketak, isunak...

Sistema politikoaren aldaketarekin, jakina zen komunikabideak zentsuraren zamatik libratuko zirela -horrela uste zen behintzat-, eta egoera berriari egokitzeko postura bila hasi ziren Estatu mailako prentsan. Euskal Herrian inon baino gehiago nabaritu zen trantsizioaren lurrikara; eta dardara hartatik atera ziren Deia lehenengo eta hilabete batzuk beranduago Egin.


Bidegurutzea: Euskal Kazetaritzaren Urtea

Euskarazko aldizkariak 70garren hamarkadako giro gazi-gozotik probatu zuten. Orduan baziren euskara hutsez argitaratzen ziren hainbat aldizkari. Kongregazio erlijiosoen babesean egiten zuten lan, fraile frantziskotarrak eta kaputxinoak zentsuraren adarkadak saihesteko kapote paregabea bilakatu baitziren; maindire santua! Zeruko ARGIA, Anaitasuna, Herria eta Goiz Argi aldizkariak ditugu urte haietan -azkeneko hau elebidun izatera pasatu zen gero-.

1976 urtea bidegurutzearen urtea izan zen aldizkari horientzat. Forman eta edukian eraberritu ziren. Izan ere, Cambio 16 aldizkari ezagunak kiosko guztiak hankaz gora jarri zituen urte batzuk lehenago; mundu mailan arrakasta handia izan zuen eredua zekarren aldizkari espainiarrak eta magazine eredu horri heldu zioten, nolabait, euskarazko aldizkariek. Anaitasuna esaterako, ohiko formatu handitik txikiago batera pasa zen 1975 bukaeran; gauza berbera egin zuen Zeruko ARGIAk hilabete batzuk beranduago eta horretaz gain, puri-purian zeuden eztabaiden mamira jo zuen -nuklearren inguruko titular deigarri batekin estreinatu zuen ziklo hori-. Lehenengo ale berrituarekin aldarrikapen bat ekarri zuen euskal aldizkariak "1976: Euskal kazetaritzaren urtea" izeneko editorialean. Urte hura euskal kazetaritzari indarra emango zion urtea izan zedila aldarrikatu zuen. Hortik gutxira, Anaitasuna aldizkariak bat egin zuen aldarrikapen horrekin. 1976an Donostiako eta Loiolako Herri Irratiek "24 ordu euskaraz" saioa antolatu zuten. Irratiaren historian lehenengo aldiz 24 orduak euskaraz egitea zen asmo nagusia, baita lortu ere. 1977an Zeruko ARGIA eta Anaitasuna aldizkariek "Geu gara euskal prentsa!" izeneko iragarkia kaleratu zuten beren orrietan; editorialean garbi ageri zen mezua: euskal prentsak euskarazkoa behar zuen eta kazetariak profesionalak. Horren ondoren, 1980an, beste kanpaina bati ekin zioten Jakin, Herria, Anaitasuna eta Zeruko ARGIAk "Prentsa euskaraz" lelopean.

Beraz, ekimenak bata bestearen atzetik, eta euforia zuhurtziaren aurretik. Ez zen gutxiagorako, orduko panorama ikusita: ikurrina legeztatua -Everesteko gailur zurian zutik gainera!-; lehenengo hauteskundeak, nuklearren kontrako mugimendua, Kilometroak'77...


Zerutik lurrera, jauzi handi bat

Baina errealitatea gordina izaten da sarritan, eta euskarazko prentsak jaurti zuen garrasiaren oihartzuna azkar galdu zen handitasunean. Inork gutxik pentsatzen zuen garai haietan, euskara hutsezko prentsak aurrera egin zezakeenik. Prentsa elebidunaren aldeko apustua egin zuten gehienek. 1977an, gaztelerari lehentasuna eman zioten hainbat aldizkari jaio ziren: Punto y Hora, Garaia, Berriak... urte hartan ikusi zuten argia, baita ere, Deia eta Egin egunkariek. Aniztasunean odolustu zen Zeruko ARGIA; langile eta kolaboratzaile asko Deia-ra joan ziren, eta beste asko Egin-era. Hasierako erredakzio taldetik denek alde egin zuten -Mikel Atxaga, Amatiño, Donato Unanue...-; Elixabete Garmendia eta Pilar Iparragirreri egokitu zitzaien hurrengo belaunaldirako zubi lana egitea.

1980an kaputxinoek aldizkaria uzteko asmoa azaldu zieten langileei. Beste bidegurutze bat, eta zerutik lurrerako jauzian kolpe latza hartzeko arriskua gainera. Langileek ARGIA aldizkaria sortu zuten, kooperatiba baten bidez, eta proiektua diruz laguntzeko 1.000 bazkari eman zituzten Donostiako Baldan. Horrela, pausoz pauso, putzu sakonetik atera zuten aldizkaria; ordurako belaunaldi berriak txanda hartu zuen: Joxemi Zumalabe, Joxe Mari Ostolaza, Josu Landa... horien eta gehiagoren ahaleginari esker ez zuen astekariak hondoa jo 80ko hamarkada hasieran. Anaitasuna-k ere estuasun larriak pasa zituen urte horietan eta arazo ekonomikoak medio 1983an desagertu zen aldizkaria; dena den, bertako zenbait langile ARGIAra pasa ziren. 80ko hamarkadako ARGIAn errotu ziren euskarazko egunkari batera saltoa emateko sustraiak: euskarazko kazetaritza profesionala, azpiegiturak... bertatik atera zen Euskaldunon Egunkaria sortzeko kimua.

Udako Euskal Unibertsitateak DVD bat kaleratu du

UEUk Gu gara Euskal Prentsa izeneko DVDa kaleratu du berriki. Aste honetan izango da lan horren aurkezpena, Rikardo Arregi sari banaketa ekitaldian, Andoainen. Hain zuzen, ARGIAko harpidedunek DVD bana jasoko dute aste honetako alearekin batera.

Jose Inazio Basterretxea EHUko irakaslea, aritu da koordinatzaile lanetan. Berak azaldu duenez dibulgaziozko proiektua da: «Lanak gogoratu nahi dio aldarrikapen urte hura garai hartako gazteari, berak bizi izan zuen eztabaida hura. Bestetik, DVDak gaur egungo gaztea jarri gura du euskal komunitate linguistikoaren historiaren pasarte batean», dio Basterretxeak. Irakasle honen hitzetan, «euskarazko prentsa ez da hirurogeita hamaseian jaiotzen, jakina. Baina bere emantzipazioa aldarrikatzen du urte horretan».


DVD-rom interaktiboa

DVDa interaktiboa da, lotura eta leiho ezberdinez osaturik baitago. Telebista filmaketak, soinu grabazioak eta dokumentu idatziak uztartu dituzte bertan. Prentsaren aldarrikapenaz gain, irratiak eta telebistak izan zuten papera aztertzen du UEUk argitaratutako lanak: «ez dugu historia bakarrik idatzi nahi izan, gaur egungo egoera islatu nahi izan dugu, bere gune distiratsuekin eta apalekin», dio EHUko irakasleak.
Basterretxea koordinazio lanetan aritu da, baina DVDaren zama EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko ikasle talde batek eraman du: «Iturri ezberdinetatik edan dugu eta bilketa sakon bat burutzea derrigorrezko egin zaigu», diote ikasleek. Jasotako testigantzak asko lagundu dietela nabarmendu dute DVDaren egileek eta elkarrizketatuen jarrera ona izan dela azaldu dute: «Proiektua aurkeztu bezain agudo laguntzeko prest azaldu dira ia guztiak», diote.
Ikasleek aitortu dutenez, hamaika anekdota pasa zaizkie proiektua egiteko garaian eta horiekin guztiekin beste DVD bat sortzeko asmotan omen dabiltza orain...

Protagonisten ahotik

Luis Alberto Aranbarri "Amatiño", Zeruko ARGIA

«Duela 30 urte hiruzpalau lagun baino ez ginen euskarazko kazetari-lanetan aritu ohi ginenak (idazten jarri aurretik kalera ateratzen ginenak alegia). Tipo guztiz arraro eta marjinalak ginen. Ez ziguten inondik dei egiten, ez gintuzten aintzakotzat hartzen, ezta euskaraz galdetzerik ere onartzen eta, egia esan, nori galdetu askorik ere ez zegoen.»


Elixabete Garmendia, Zeruko ARGIA

«Gure pretentsioa prentsa modernoa egitea zen, fakultatean ikasitako ereduen arabera, kazetaritzan genero guztiak landuz, euskarazko aldizkarietan ia dena monopolizatzen zuten iritzi artikuluei tokia janez. Guk, hizkuntza ez ezik, kazetaritza nahi genuen noranahikoa.»


Joan Mari Torrealdai, Anaitasuna

«Berrikuntza hasi zenean, magazine formatoz eta abar, hori zen gure ideala. Ikusi genuen aldaketa politikoa bazetorrela, komunikabide batzuk mugitzen hasi ziren. Baina politika tartean sartzen denean, eragintza politikoa bilatzen denean, euskara baztertu egiten dute. Ikusi genuen euskara baztertua geratuko zela eta gu ere mugitzen hasi ginen, gure aldarrikapenak egiten.»


Mikel Atxaga, Zeruko ARGIA

«Zeruko Argia ordura arte kulturako aldizkari bat zen, baimen berezia zuena. Langile arazoak, politika edo abertzaletasuna ezin ukitu zituen, baina beste gai guztiak aipatzeko baimena bazuen. Momentu horretan informazio orokorreko aldizkari bihurtu zen; aldatu egin zen itxuraz eta neurriz. Fakultatean ikasitako kazetariak bazetozen eta esperantza hori geneukan.»


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude