Bidean hainbat sarobe ikusi ahal izango ditugu gaurkoan. Iberiar Penintsulako kantaurialdean (Galizia, Asturias eta Kantabria), eta Bretainian (Breizh) ere badira zirkunferentzia itxurako baso eremu hauek. Sarobeen kokapena, gehienetan bat dator artzantza trashumantearen larretokienarekin, izan ere, artzantza ekonomiarekin lotzen da sarobe sisteman. Hala ere, oso gutxi ikertu da hauen inguruan.
Sarobeak sarri megalitoen inguruan egoten dira, baina ez dituzte inoiz euren barruan harrapatzen. Gaur egingo dugun itzulian (Donostia-Hernani-Urnieta inguruan), 38 sarobe egon ziren gutxienez, eta 40 megalito (judumahaiak, jentilbaratzeak, zistak eta mugarriluzeak).
Artamugarriak markatzen du sarobearen erdiko puntua. Sarobeen egitura ere adierazten du harri landu honek: Gainaldean, gurutze edo asterisko tankeran, lau, zortzi edo hamasei marra egon ohi dira, eta hauek markatzen dute baztermugarria non den. Hartamugarritik baztermugarrirainoko distantzia, alegia, sarobearen erradioa, 142-147 metro artekoa da paraje hauetan.