argia.eus
INPRIMATU
Ibaia
Igor Estankona 2007ko otsailaren 21a

Galapan alde batetik bestera, burua pausua baino metro bat aurrerago botatzen dudanean itota iristen naiz lekuetara, hitzorduak pilatzen zaizkit, lerro hauek idazteko ere behar den astia hartzen ari ote naizen galdetzen diot neure buruari.

Gura nuke idatzi apurka-apurka, berrogeita hamar karaktere astean: benetako harribitxiak eskaini ahal izango nizkieke modu horretan ARGIAko irakurleei.

Baina pentsatzeko betarik ere ez dut. Musika sorgarri batek ezkutatzen dizkit ikuspen guztiak: munduaren eztarria da. Zereginak guztiak alboratuko banitu, telebistari su emango banio, jateari utzi... orduan agian arreta jarri ahal izango nieke tripak desegiten ari zaizkidan aingeru grisei.

Botaka ari diren ibaien korronte bizkor honetara egin naiz, eta trauskilkeria onartu dut. Arin eta txarto, nire izatearen zati txiki bat baino ezin diot eskaini pertsona bakoitzari. Eta txarrena da erritmo hau gerarazi eta bakarrik geratuko banintz neure buruarekin, orduan seguruenik jasanezina litzatekeela zoritxarra.