argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Bizitza etxe truk hipotekatzeari jarriak
2006ko ekainaren 25

I

Denak gabiltz etxe bila
edonon ze etxe pila
hau da hau etxe-tortila!
Bakailuaren moztaileentzat
beti dago prest pil-pil-a.
Etxea gehi berebila:
Negozio borobila!
Pozik bizi bedi hila!


II

Hilabete bukaera
nahi baino lehen iristen da
erosi dugun etxera.
Aprobetxatuz banketxe batek
eskaini zigun aukera
berrogeitamar urtera
interes gabe gainera
ordainduko dugu ziega.


III

Egarri larunbat gauez
otsoa etxean gordez
usoa atera ordez.
Sofa bat dugu gure erreinu
apaindua dvd-z;
parabolikaz zein kablez
ikusten ditugun golez,
pozik gaude guttienez.


IV

Herrigintzan zinegotzi
diren hamarretik zortzi
epaitegira egotzi.
Eraikuntzaren orubeetan
denetik ahal da egosi:
Nork zer saldu, Nork erosi...
Aldez aurretikan josi
eta herria ehortzi.



V

Hilerritan ere laister
eraikiko da zeozer
eta ez dabiltza oker.
Total ze kristo, orain artean
hildakoak dira maizter
eta jakina da, joder!
Ez dute gastatzen ezer
eraiki etxeak aber.


VI

Hona sei solairutako
bertso xorta leihoz kanpo
ene paranoien kalko.
Zentzunik eza gidari duten
ustezko zentzudun asko
enpufatu da a sako
jakin gabe zertarako...
Laister du irria malko.