argia.eus
INPRIMATU
Bakoitzak berea
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a

Lege zaharrean gabiltza. Egin lehenik eta Euskaldunon Egunkaria ondoren Espainiako botere judizialaren eraso suntsikorra jasan zutenean, ez ziren oraingo autoinkulpazioak gertatu. Euskarazko egunkari bakarraren kasuan, bere sortze prozesuan aurka egon zirenetik asko, denak ez esatearren, publikoki itxieraren aurka azaldu ziren. Eta Donostiako manifa erraldoian ikusi genituen lehen lerroan. Poza ematen zuen, garai batean ETAren morroitzat joak izan ziren berberen defentsan orduko akusatzaileak ikustea. Hemeroteketara jo beharrik ez dugu Pello Zubiriak EAJko zenbait buruengandik jasandako tratua gogoratzeko. Esaten zutenaren neurririk ez zutela argi da. Esandako haiek Garzon baten zapalgailuak hartu eta gainetik pasatuz bide egingo zutenik ez zuten kalkulatu. Gero etorriko ziren damuen uztak deklarazio formalen gurdian. Baina etxera iritsi zaizkienean, azkarrago jokatu dute. Atutxa, Ibarretxe, Imaz. Ez dituzte bahitu. Ez dituzte torturatu. Ez diete etxea itxi. Eta hala ere, gatazkatsuago jokatzen ari dira. Guztiak gara errudun diote, inor erruduntzat nekez joko dutela jakinik. Etxe bakarraren kaltetan, bakoitzak gurea dugu. Eta espainiarrek ez dute berdin erasotzen batean eta bestetan.