Artrosia kartilagoaren degenerazioaren ondorioz sortzen da, eta giltzaduren zahartzaroarekin, eta, beraz, adinarekin dago lotua. Traumatismoen edo giltzaduren sortzetiko arazoengatik gazteengan ere ager daitekeen arren, normalean 40-45 urtetik aurrera hasten da. Eta artrosirik usuena belaunetako eta eskuetako giltzaduretakoa izaten da. Emakumeen artrosia eragiten duten arrazoien artean, takoi oso altua duten zapaten erabilera aipatu behar da: gisa horretako zapatekin oinaren mekanikak ez du behar bezala funtzionatzen, eta oinaz gain, orpoa, belauna eta baita aldaka ere erasan daitezke.
Lehen esan bezala artrosia zahartzaroarekin lotzen da. Baina horrez gain emakumearen faktore hormonalek, eta zehatzago esateko, menopausia osteko estrogenoen beherakadak, arrisku-faktore erantsia dira emakumeentzat, gizonezkoen aldean. Dena den, giltzadurak gaizki erabiltzen dituztenek edo gehiegi behartzen dituztenek ere (korrikalari profesionalek, futbolariek eta abar) artrosia izateko arrisku gehiago dute.
Artrosiaren sintoma nagusia mina da. Aurrera egin ahala, giltzadurak zurruntasuna izaten du, mugimenduak mugatu egiten dira -giltzadura "berotzen" denean, mugimenduak errazago egiten dira-. Azkeneko faseetan, mina atsedenean ere ager daiteke, baita gauez ere. Eta horrek guztiak ezintasun handia ekartzen dio gaixoari, bere bizi-kalitatea nabarmen hondatuz.
Arrisku-faktore batzuen gain (adina edo emakume izatearen gain, esaterako) ezer ezin egin daitekeen arren, badira neurri prebentibo batzuk, ezagutu eta bete beharrekoak: obesitatea saihestea, adibidez, giltzaduretan gainkarga eragiten baita. Jan-neurriak orekatua izan behar du, eta gantz gehiegi gabe. Ariketa ere funtsezkoa da: egunero 20-30 minutu ibiltzea, bizikleta edo igeriketa, muskuluak indartzeko, eta giltzadura sendotzeko.
Botika batzuek sintomak arintzen dituzte -analgesikoak minarentzat, anti-inflamatorioak eta kortikoideak hanturaren kontra-, eta beste batzuek berriz, giltzaduraren egituraren gain jokatzen dute, artrosiak dakartzan aldaketa degeneratiboen progresioa gerarazteko.