argia.eus
INPRIMATU
Sosa bildu
Joxemari Ostolaza 2006ko ekainaren 18a
Reala ari zaigu eskaka. Gipuzkoarena zuen amets eta aurreko agintariek ez zuten nahi zutena lortu. Errekara bidean utzi omen zuten egitura, oraingoek hala diote behintzat. Gipuzkoarrena ei da egun ardura, Reala azkar bat egiteko aukera. Sosa behar da, kapitalak gizendu behar du. Hori lortu ezan gureak egin du, ezingo gaitu Realak guk merezi bezala ordezkatu Espainiako Futbol Lehiaketan, mundu zabaleko ligarik azkarrenean. Gure etorkizuna dago jokoan. Momentuz ez dirudi gipuzkoarren adimen emozionala oso sakona denik, bazkideak eta abonatuak %20a estaltzeko ez baitira gauza izan. Inguruan ikusi dut zenbait jende, bestelako kanpainetan bere kolaborazioa eskaintzeko prest agertzen dena eta futbolzaleak izanda honi paso egin diona. Arrazoiak, dozenaka. Horietako baten bat izan da nire arreta lortu duena: nire soldata ziztrinaren zatia eman aberatsak aberatsago egiteko? Hori eskatzen didate? Bere herrian haurrak eta gazteak entrenatzen dabil joan deneko hamar urtetan. Astean dozena bat ordu ematen dizkie zelaian eta beste hainbeste, omen, prestaketetan Realaren peko talde batean. Eta Realak -beste puntako egitura profesionalek legez- beheko kategorietan daraman estrategi monopolista jasangaitzaz gain sosa ematea, adar jotzea iruditzen zaio. Ez du arrazoirik falta.