argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Nitrogenoa biziaren arrasto

Lurretik kanpo, espazioan zehar, ikerlariak bizi-arrastoaren bila dabiltzanean ur-aztarnak topatu nahian aritzen dira, urik gabe ezinbestekoa baita bizia. Hala ere, Kalifornian dagoen USC deitu unibertsitateko Kenneth Nealson eta beste hiru ikerlarik zera diote: ezin da irudikatu bizia urik gabe, baina bai alderantziz, hots, irudikatu dezakegu ura bizirik gabe.

Hauen arabera nitrogeno organikoak adierazten du biziaren benetako arrastoa. Martitzen ikerlariak itsu-itsuan dabiltza ur-arrastoen bila, baina ura aurkituta ere, gerta daiteke bizirik inoiz ere ez izatea. Nitrogeno organikoa, aldiz, jarduera biologiko baten emaitza da beti, beraz, horren arrastoa segitu beharko litzateke biziari arrastoa segitu ahal izateko.

Lurraren atmosferak nitrogeno ugari du eta galtzen den nitrogenoaren ordez, Lurreko biziaren hondakin gisa sortzen da nitrogeno berria. Lurrean egunen batean bizia desagertuko balitz, nitrogenoak ere pixkanaka beherantz joko luke.

Martitzeko atmosferan dagoen nitrogeno-kontzentrazio baxuak nitrogeno organikoaren produkzioa zeroaren hurrengoa dela adierazi nahiko luke, baina gutxi baldin bada ere, egon badagoenez, nitrogeno eskas horren peskizan aritu beharko lukete ikerlariek eta alde batera utzi ur-arrastoen inguruko esfortzuak.


Otien armada

Oti isolatu batzuk min nabariak egiten dituzte lur-eremuetan, baina oti-multzo handi batek uzta osoak kalte ditzake. Aspaldi ari dira ikerlariak aztertzen ea nola osatzen diren horrelako oti talde handiak eta nola abiatzen diren guztiak norantza berean.

Australiako Sydney Unibertsitateko Jerome Buhl eta lagunek Science aldizkarien argitara eman duten ikerketan baieztatu dute, dentsitate kritiko bat behar dela otien armada eraginkorra izateko.

Saiakerak Schistocerca gregaria espezieko aleekin egin dituzte, espazio mugatu batean ale-kopurua aldatuz. Otiak gutxi zirenean bakoitzak bere bideari jarraitzen zion, baina 25etik gora zirenean, talde dinamika aktibatzen hasten zen eta 30 aletik gora -edo beste era batera esanda, metro karratuko 70 aletik gora- bost minutu nahikoak ziren guztiak norantza berean ibiltzen hasteko.

Laborategian erabilitako ale-dentsitateak naturan gertatzen direnaren antzekoak izan dira; naturan otiak uztak kaltetzen dituztenean metro koadroko 50 aletik gora izaten baitira.

Horrelako talde erraldoiak osatzen direnean nahikoa izaten da ale batek elikagaiaren arrastoa nabaritzea guztiak bere norantzan abiatzeko.

Beraz, izurriteei aurre egiteko ikerketak taldearen osatze-zergatiak gehixeago argitu du.