Ixiar Rozasek Garari esanak: «(Euskal kultur panoraman) errazkeria handia ikusten dut. Egiten diren kultur proposamen nagusiek ikuskizunaren kultura sendotzea dute helburu. Kultur politiken oinarri nagusiak, aisia, entretenimendua eta turismoa dira, eta listo, ez dago gehiago».
Enkarni Genuak adierazpenok egin zizkion Berriari: «Euskararen alde mila kilometro oinez egiteko gauza gara, eta gero ez gara joaten euskal antzerkia ikustera, ez dugu euskaraz irakurtzen, ez dugu egunerokoan euskaraz egiten. Hori bai, euskarazko antzerkiak bizirik iraun behar duela esaten dugu. Bai noski, baina zoaz antzerkia euskaraz ikustera orduan! Ez baldin bazara joaten, hemengo taldeek kanpoan salduko dute beren lana».
Luigi Anselmik Deiari: «Nik uste dut gaur egun gehiegi idazten edo, behintzat, argitaratzen dela. (...) Joseba Sarrionandiak behin izkiriatu zuenez, genero literarioak sei ditugu: poesia, nobela, ipuina, teatroa, entsegua eta lardaskeria. Eta argitaratzen diren obra gehienak azken genero honetakoak dira».