Bestaren larru-airea


2006ko ekainaren 18an

Elkarren autoan ibili beharra omen daukagun honetan, metaforak sortzeko errota martxan jarri, eta oso larre motzekoak baizik ez zaizkit bururatzen; titulukoa, konparazione »hortaz, Larrun mendian dabilen pottokaren antzera alha ibilita aski ez duenak, ez dio honi askietsiko-. Larre motzekoak, edo bokaziorik gabeko apaiza salatzen dutenak: esaterako, elkarren autoan hainbeste buelta eman behar dugunez, biodramina -Iparraldean biodramine, ustez- ezinbestekoa zaigula. Ofizioaren ABCtik tira egin eta biodraminaren prospektua begiratu dut: bateraezina da alkoholarekin. Baneteguan ba, orain ulertzen dut «prozesuak» edo dena delakoak daukan itxura eskasa; bestaren larru-airea larua da, osasunez hain-hain ongi ere ez dagoela seinale. Nola moldatuko ziren Irlandan? Batek daki, baina garbi gera bedi Irlanda eta Euskal Herria ez direla alderatzeko modukoak; Irlandan ezkerrez gidatzen dute -Belfasten, bederen-.

Ni ere liburu bat bukatzen ari naiz egunotan, Denak hasperenka, Gianni Celatirena. Interesgarria da Celati. Interesgarriagoa da, oraindik ere, Celati, Lizarralderen itzulpen gozoa lagun, euskaraz eta euskal kulturaren bidez ezagutu ahal izatea. Celatik denbora-pasarako balio du, baina denbora-pasa baino zerbait gehiago da. Erraz irakurtzen da, baina ez da literatura erraza -zer da literatura erraza?-. Zailak dira definizioak. Nik esango nuke esperientzia kolektiboari zentzu bat ematen dioten literaturak interesatzen zaizkidala, zerbait esateagatik. Baina horrelakorik ezinezkoa ohi da gutxieneko irakurle-masarik gabe. Zer pentsatuko dute honetaz Montenegron? Ez dakit, baina seguru asko berdin da, Montenegro eta Euskal Herria konparatu nahi izatea delirium tremensek jota dagoenaren eldarnioa baita.

Dena den, Celati interesgarria da, baina epigono bat da; une katartiko batean bizi eta sortu ziren idazle eta sortzaile handien (Calvino, Pavese, Sciascia, Pasolini...) epigonoa. Talentu handiagoa du Calvino batek Celati batek baino, edo bizi izan diren une historikoen esperantza, ilusio eta ikuspegi diferenteek -alemanak Italiatik bota, katarsi-unea; arrazoi demokratikoaren usteltze erabatekoa, eszeptizismoa- egin dute bata bestea baino handiagoa -edo ezagunagoa, behintzat?-. Horregatik esaten nuen esperientzia kolektiboarena eta hori guztia. Zer usteko dute auzi honetaz Quebec-en? Berdin da, edozer uste izanik ere, jakin badakit ez duela Euskal Herrirako balio.

Hortaz, zer literatura-klasek ematen ahal dio zentzua, egun, gure esperientzia kolektiboari? -edo gure esperientzia kolektiboei idatzi beharko nuke?- Hori jakiteko ez da erantzun beharko dugun galdera bakarra, baina bai galderetako bat, noski, honako hau: zer larru-aire harrapatzen diogu bestari? Honaino konforme. Gero, ordea... Bestearen larruazalaren bestaldean ulertezintasunezko eremu zabalak irekitzen dira. Eta guk irakurle gutxi dauzkagu.

Beldur naiz, ordea, bizkorregi eta urrutiegi iritsi nahian ez ote nabilen lehenengo honetan, eta galdera gehiegi eginda, gauza askoz oinarrizkoagoak ahaztuta. Esaterako, oinarri-oinarrizkoena: nola moldatzen gara, nola moldatzen da jendea, gaur egun, irakurtzeko? Ni hasi naiz nire irakurketa tokiak -aitortzeko modukoak- zerrendatzen: komuna, autobusa, dentistaren kontsulta, sukaldea -espagettiei eragiten diedan bitartean-, ohea... Eta kontuz, hemen metafora gutxi, hizkuntza orori berez dariona baizik ez. Eta, bide batez, nola moldatuko dira Eslobakian? Igoal da, mundu guztiak daki Eslobakiako errealitatea eta Euskal Herrikoa oso desberdinak direla.


ASTEKARIA
2006ko ekainaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude