argia.eus
INPRIMATU
Liburu berria udazkenean: Paraquaria
2021eko uztailaren 19a
«Elizak hala deitzen dio Paraguairi, Paraquaria izan zen Paraguairen lehen izena. Kontatzen da nola salbatu ziren guaraniak eta guaranien kultura jesuita euskaldun batzuei esker. Pentsa, garai batean Uruguai Nueva Vizcaya deitzen zuten. Ez zait gustatzen ebanjelizazioa, bakoitzaren jainkoak errespetatzen ditudalako nik, baina inperio espainol ezin gogorrago hartan, indioak esklabo izateko baino ez zuen balio. Guaraniak oso etnia handia ziren, nahiz etapa primarioan zeuden oraindik, ez ziren laborariak ere. Jesuitak, Erromaren mende egonik independenteak ziren Espainiako erregearekiko, eta misioak antolatu zituzten indio guaranien kultura anparatzeko eta ebanjelizatzeko. Jesuitak, Japonia eta Txina deskubrituak zituztenez, kontrabandoan adituak ziren, eta lortutako dirutik bizi ziren misioak. Nobelan, indigenen begietatik kontatzen dut istorio hori, indigenek ulertzen baitute oihanean segitzekotan esklabo eginik edo hilik bukatuko dutela, aldiz jesuiten taldeetan jaten ematen diete, eta guarani bezala bizi daitezke. Eta esaten zen misioetan guaraniz eta euskaraz hitz egiten zela».