argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2006ko ekainaren 11

Juan Mari Beltranek honakoa esan zion El Paísi: «Tradizioak ez ditu arau zorrotzak ezartzen; tradizioa bizia da, besteak ohiturak dira. Tradizioa igortzea da. Nik zuri ematen dizut, eta zuk hartu eta zeure egiten duzu; horixe da finean transmititzea. Ezagutu ditudan aspaldiko txistulari, albokari eta txalapartari guztiak une oro esperimentatzen ari ziren, ez zeukaten ezer itxita».

Jean-Baptiste Orpustan itzultzaileak Berriari: «Klasikoen idazteko moldea arrazoirik gabe baztertu da. Aldaketak egitekotan, euskara aberasteko egin behar dira. Erdarari gehiegi hurbiltzen bada, noizpait galduko da».

Lierni Fresnedok Aizu!ri esanak: «(Antzerkiaren) Krisia orain izan liteke ideien krisia dagoela, planteamendu berrien krisia. Momentu honetan antzerkia dago lo antzera, baina gizartea bezala. Antzerkia gizartearen ispilu da, eta lozorroan dago».