argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2007ko otsailaren 21a


Odontologia euskaraz

Ordiziako (Gipuzkoa) odontologo batek hortz-klinikako tratamenduak euskaratzea eskatu dio herriko Euskara Zerbitzuari. Baita lortu ere. Ordiziako Euskara Zerbitzuak EHUko Medikuntza eta Odontologia fakultateko Jon Jatsu Azkue Barrenetxeari eman zion lan hori egiteko enkargua eta Azkuek eta bertako hainbat ikaslek 147 hitz, esamolde edo adierako zerrenda aurkeztu diote Udalari. Erabili.com helbidean zerrenda osoa dago eskura.


Euskaltegiak nora doaz?

Karrajua.org bloga euskaltegien eta helduen euskalduntzearen inguruko gunea da eta azken aldian euskaltegien etorkizunari buruzko hausnarketa interesgarriak agertu dira. Zer egin?, Nondik hasi?, Nork egin? eta Nola? moduko galderei erantzuten saiatu dira Karrajua.org-ko erabiltzaileak.


EEPren diru-laguntzak

Euskararen Erakunde Publikoak aurtengo diru laguntzen ildo nagusiak finkatu ditu. Guztira 1.016.000 euro banatuko ditu, iaz baino 178.000 euro gehiago. Horietatik 890.000 euro sei sail nagusitan banatuko ditu: helduen euskalduntzea, eskolaz kanpoko jarduerak, ikerketa, irakaskuntza, ikas-materiala eta hedabideak. Euskalgintzako gizarte eragileek ez dute jarrerarik hartu, orain jakinarazi dituzten kopuruak behin-behinekoak baitira. EEPk azaldu duenez, abenduan egingo duten administrazio kontseiluan banatuko dituzte azken partidak.


AEK eguna hilaren 10ean

Larrabetzun (Bizkaia) ospatuko da AEK Eguna. Aurreko edizioak udazkenean egin baziren ere aurtengoa ikasturte amaieran egingo dute, Nire, hire, haren, gure, zure, zuen, haien... denon jaia lelopean.


Euskalkien liburutegi birtuala

Deba ibarreko Badihardugu Euskara Elkarteak euskalkiei buruzko informazioa biltzen duen liburutegi birtuala zintzilikatu du sarean (www.badihardugu.com). Lanean hasitakoan, Deba Ibarreko euskalkiei buruzko liburuen erreferentziak biltzea zen asmoa, baina orain Euskal Herri osoko 350 erreferentzia daude sarean. Gehienak liburuen erreferentziak dira, baina badira mapa, bideo, jolas eta CDen erreferentziak ere. Hurrengo erronka aldizkarietan argitaratzen diren artikuluen erreferentziak jasotzea da.