argia.eus
INPRIMATU
Deskontrol: «Ikusi dugu egiten dugun musika atzerrian ere bizirik dagoela»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2006ko ekainaren 11
Atzerrian kontzertuak egin dituzue. Zer ikasi duzue?
Batez ere, guk egiten dugun musika atzerrian ere bizirik dagoela. Bestalde, AEBetan adibidez kontzertu asko daude, baina ia ezinezkoa da estatu batetik kanpo ezaguna egitea. Hemen, Euskal Herrian, errazagoa da talde gutxiago garelako eta askoz txikiagoa delako.

Euskal Herriko punk-Oi!a esportatzeko modukoa da?
Bai. Atzerriko talde askok esan digu gustuko duela eta atzerriko hainbat musika bildumatan ere esku hartu dugu. Halakoetan ikusten da euskaraz abestu arren, musikak mugak apur ditzakeela.

Taldeak 10 urte bete ditu. Zer balantze egin duzue?
Oso positiboa. Hasi ginenean ez zegoen jotzeko aukera handirik eta halako musika egiten zuen talde gutxi zeuden, baina street-punka berpizten dabil.

Aurreko bi diskoak Madrilgo eta Mallorcako diskoetxeekin kaleratu zenituzten. Oraingoa, berriz, Oihukarekin...
Euskal Herrian diskoa ondo banatu nahi genuen, aurrekoekin ez zigutelako horretan lagundu. Orain Oihukarekin gaude, baina punk edo Oi! musikan espezializatuta dagoen diskoetxe indartsu baten hutsunea dago.

Zer moduzkoa izan da diskoaren grabazioa Elkarren, Jean Phocasekin?
Emaitzarekin oso gustura gelditu gara. Estudioa ikaragarria da, eta Phocasekin ere ondo. Ilusioa egin zigun pertsona berak Cicatrizen Inadaptados grabatu izanak.

Nor da Duintasunez eutsi behar duena?
Eskerrak eman nahi dizkiegu alboan ditugunoi eta kontzertuetara etortzen direnei. Haiek gabe gu ez gara ezer. Horrez gain, jendeari eskatzen diogu ez aldatzeko, musika bultzatzen jarraitzeko.

Diskoetxe handiagoarekin eta Wilma managementekin, asko aldatuko da Des-Kontrol?
Ez. Berdinak gara eta ez gara aldatuko. Wilmak ez dauka esklusibitaterik. Euskal Herritik kanpo kontzertuak lortzen lagunduko digu, baina guk gure kabuz ere emanaldiak hitzartuko ditugu.

* * * * * * * * * * *

Duintasunez eutsi
Des-Kontrol
oihuka
Iraupena: 45' 44" 14,45 euro

Punk-Oi!aren berpizkundea

80ko hamarkadatik Arrasate da Euskal Herriko punk-Oi!aren erreferentea. Hangoa da Des-Kontrol, eta iraganean Puñetazo, Zakarrak edota Iskanbila taldeek egindako bideari jarraitu dio. Hamar urte bete ditu eta dagoeneko euren aurrekariek baino arrakasta handiagoa du: hainbat disko kaleratu ditu, eta AEBetan eta Europan birak egin ditu. Honako disko hau Oihukak kaleratu du, kaskamotzen street-punkak edo punk-Oi!ak bizi duen berpizkundearen jakitun. 13 kantu batu dituzte, hiruzpalau aurreko lanetatik berreskuratutakoak. Doinu zaindua duen punka da, koroek eta leloek dezente leuntzen dutena, eta gitarrek protagonismo handia dute. Hitzak, berriz, kritikoak eta zuzenak, herritarren eta langileen tamainakoak: langabeziaren, lan baldintza eskasen, ezinegonaren eta burujabetasunaren gainekoak.