argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2006ko ekainaren 11

Baltasar Garzon datorren uztailaren 1ean itzuliko da Auzitegi Nazionaleko bosgarren epaitegi zentralera, ordezkapen gisa gaur egun Fernando Grande Marlaska epaile izarrak betetzen duena.

Jose Maria Ruiz Mateos enpresari espainiarra jadanik ez da Superman eta halako mozorroez jantzita agertzen, garai batean bezala. Oharkabeagoan ari da prentsan, baina bere ohiko bideetan: bere familiak jakinarazi duenez, Kristoren Legionarioak izeneko eskuineko erlijio erakundeari sei milioi euro eman dizkio donazio gisa.

Ramon Jauregik El Diario Vasco-n hilaren 2an idatzitako artikuluarekin erantzun zion Josu Erkoreka jeltzaleari. Bermeo sinbolikoki erabiliz, sozialistek Euskal Herriari egindako ekarpenez aritu ziren biak eta Jauregik hala bukatzen zuen bere artikulua: «Ez Erkoreka maitea, ez dut ezer saihestu nahi; ez dit ajolik Bermeok beti abertzale jarrai dezan. Bakea nahi dut eta berarekin, guztiontzat berdina izango den askatasuna. Ondoren, mintza bitez hautesontziak urte luzez eta izan gaitezen herriak nahi duena».

Jose Maria Aznar, Alvarez Cascos eta Rodrigo Rato PPko buruzagi ohiak politikaren lehen lerrorako jauzia prestatzen ari dira. Datua Estrella Digital agerkeri digital eskuintiarrean argitaratu da.