Araba Euskaraz 2006: Ikertzaileari eta andereñoari omen


Esther Aramendi: «Hasieran oso gaizki ibili ginen Langraizko eskolan»


Aramendi andereño izan da joan deneko hogeita sei urtean. Erretiroa hartu arte. Esther Aramendi Zubizarreta (Azkoitia, 1940) euskaraz hazi zen jaioterrian, euskaraz kalean, euskaraz etxean... «Eskolan izan ezik. Han erdaraz erakusten ziguten. Eskola nazionala zen hura. Bateko gelan, neskak; bestean, mutilak. Gu, maistrarekin. Mutilak, maisuarekin». Orduan ez zegoen gaur egungo pedagogiarik. Ohikoa zen zigor fisikoa, Esther Aramendik dioenez. «Egia da maistra nahiko gogorrak izan genituela, baina gure sasoirako nahiko bigunduta zeuden. Gure ahizpa nagusiaren garaian, adibidez, zigor fisikoa ez zen aparte». Baita euskaraz hitz egiteagatik ere. «Gure maistra Alfarokoa zen, errioxarra, deitura ere Alfaro zuen. Hura nahiko biguna genuen baina ondoan bazen beste bat, doña Rufina, gogorra baino gogorragoa eta euskararen kontrako amorratua». Hamahiru-hamalau urte arte ikasi zuen eskolan. Gero, josten ikasi zuen, ama ere jostun izana zenez. Estherren orduko asmoak berriz, «Azkoitian ezkondu eta bertan bizitzea».

Azkoitian ezkondu eta Gasteiza
Baita ezkondu ere. Hogeita bi urte egin eta hurrengo astean ezkondu zen, jaioterrian. Ordurako, ordea, bazekien Gasteiza etorriko zela, senarrarekin batera, honen lana tarteko. Lau seme-alaba hazi zituen. Etxekoandre izan genuen, giro historiko baten lekuko. Gasteizko lehenengo ikastolara bidali zituzten umeak, Olabide Ikastolara, hau Estibalizko etorbidean zegoenean. «Konturatu nintzen umeak etxera etorri eta pixka bat diferente hitz egiten zutela. Eta neure buruari esan nion: 'Neuk ere ikasi behar diat ba, euskara hori!' Eta euskaltegi batera joan eta euskara batua ikasi nahi nuela esan nien bertakoei, umeekin hobeto hitz egiteko, beraiei hobeto ulertzeko. Haiek, berriz, 'zuk ikasi? Erakutsi egin behar duzu zuk euskara, erakutsi!'. Eta nik: 'Bai zera! Ezta pentsatu ere!'. Baina haiek ere teman: 'Beharko, beharra dago eta!'. Eta erakusten hasi nintzen segituan, helduei. Talde hartako jendeak bazekien ingelesez, alemanez, frantsesez... kanpo aldean ibiltzen zen jende hura. Erakutsi nuen, euskarazko gramatika ikasia ez banuen ere. Ziurtasunik ez nuela esaten nuen nik». Baina urte osoa jardun zuen irakasle. Hurrena, erabakia hartu zuen, zindo: «Neuk ikasi behar diat ondo, lehenengo!». Esther Aramendiren bila etorri ziren, berriz, helduei erakusteko esanez. Esther, ordea, ikasten hasi behar zuela erabakia hartuta zegoen.

Andereñoa haize-kontra Langraitzen
Arabako ikastola askotako andereñoen erreklutamendua egin zuen pertsona fortunatu zen parean orduan: Jose Mari Rekarte. 1980 urtea zen eta haurtzaintza ikastaroa antolatua zuen Txagorritxu ondoan, andereñogai euskaldunentzat. Helburua, andereño horiek Arabako herrietan zabaltzea, hiru urteko gelak irekita. «Irakasleen artean hiru mediku izan genituen, emakumezkoak. Esan ere egin zidaten: ‘Nahiko al zenuke Txagorritxun lan egin? Han seguru duzu lana!’. Nik, ospitaleetako usaina ez zaidala gustatzen erantzun nien. ‘Gainera, umeei euskaraz erakusteko ilusioa daukat’. Haiek, berriz, ospitaleko umeekin egin nezakeela hori».

Ikastaroa egin eta lanean zen Es-ther. 1980ko irailean hasi zen, ordezkapenak egiten. Arabako Errioxaldeko ikastolaren batean eta Araian eman zuen hilabetea. Urrian, bizitza osoko lanleku izan duenera bidali zuten, Langraitzera. Eskola txiki-txiki bat zen orduan, euskarazkoa. Hantxe Esther, hiru urteko umeen gelako andereño. Gero, beste bi andereño ere bildu zitzaizkion Estherri, lau eta bost urteko umeen gelen arduradun. Ume asko bildu zituzten gela haietan. Gero, herrian eskola berria egin zutenean, bertan hartu zuten aterpe. «Langraizko eskolak Francisco Franco zuen izena. Berria egin zutenean, Joxe Migel Barandiaran jarri zioten izena. Bertara etorri zen, eskola bedeinkatzera». Izena bai, izana ez. Eskola hark ez zuen ataundar txikiaren espiriturik izan, haur txikienen geletan izan ezik. «Hasieran oso gaizki ibili ginen eskola hartan. Gu hiru andereñook eta beste euskaldun zaharren bat, beste inor ez zen euskalduna han. Tentsio txarra zegoen irakasleen artean. Baziren hiru bat, kartzelako funtzionarioen emazteak». Eta haiekin batera egon behar eskolan. «Txakurra eta katua bezala zen haiekin. Esaten zuten: 'El euskera?, ¡Esa mierda!'. Eta nahiko larri. Hurrena, herrikoak konturatu ziren kartzelako funtzionarioen emazte horiek urte batzuk pasa eta trasladoa eskatzen zutela».

Herrian ere giro onik ez horien inguruan eta, bestalde, umeek euskara erraz ikasten. Herritarrek estimatu egiten zuten hori. Eta funtzionarioen ezin eramana! Haserreak eta erriertak. «Behin, funtzionario horietako baten umea azaldu zen egunkarian, Korrikaren lekukoarekin. Haren ama etorri eta egundokoak esan zizkigun, esanez umea erdara ahazten ari zela, euskaraz hitz egiten zuela eta hori ezinezkoa zela, trasladoa eskatuta zeukala Kantabriara». Egoera are bihurriagoa izan zen kartzelako funtzionarioen emazteak guraso-elkartean sartu eta eskola kontseiluan parte hartu zutenean. «Hura ikustekoa zen. Hango txinparta! Urte batzuk oso zailak izan ziren. Gustura ginen umeekin, baina gelatik irten eta... Gu hiru andereño ginen, ikastolaren mende ginenak baina eskola publikoaren egoitzan lanean ari ginenak. Begoña Rubio, Maitane Garcia... elkar babestu beste erremediorik ez genuen». Harik eta poliki-poliki giroa aldatu zen arte. Irakasle berriek gozatu zuten egoera. Irakasle euskaldunak, zuzendari euskaldunak... «Horrek giro ona ekarri zuen euskararentzat. Guk, berriz, arnasa hartu genuen».


* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *


Jose Antonio Gonzalez Salazar: «On Joxe Migelek herria estudiatzeko esaten zigun, horrek lan pastoralean lagunduko zigula»

Onomastika eta toponimia aztertzen jardun du urte askoan Gonzalez Salazar (Gasteiz, 1940) apaizak. Horretan, badu joan den urtearen hondarrean hil zen beste euskaltzale baten antza: Federiko Barrenengoa, Amurrion jaiotakoa, Aiara bailarako toponimia biltzen hamaika lan egin zuena.

Gonzalez Salazarrek gogoan du Barrenengoa zendua: «Hark hitz denak biltzera jo ohi zuen sistematikoki. Hitzen jatorrizko forma, historia jasotzea zuen helburua. Nik, hitzen deformazioak jasotzera jo dut, forma historikoak dokumentuetan ageri dira eta, apaletan daude. Jendeak duen informazioa biltzea zen nire helburua; izan ere, haiek hil eta hilobira zeramaten zekitena. Hala ere, batez ere lekuak lokalizatzen jarduten nuen, seinalatzen». Mapa eraman eta galdezka hasten zen, mapan bertan lekuak kokatu nahian. Dio, hala ere, berandu iritsi dela: «Duela ehun urte egin izan bagenu, bestela izango zen. Hala ere, zer edo zer salbatu dugu».

Apaiza antzinako hitzak biltzen
Gonzalez Salazarrek ez daki euskaraz hitz egiten, baina barru-barrutik bizi du euskarak Araban duen toponimia. 1969-70ekoa du lehenengo argitalpena: Notas sobre la vida agrícola de Bajauri, Obécuri y Urturi. (Bajauri, Obekuri eta Urturiko nekazari-bizitzari buruzko oharrak).

Harrezkero, hogei lan baino gehiago ditu argitaratuak, Arabari buruzkoak. Etnografia lanak ditu hasierakoak eta toponimiazkoak berriagoak; honetan, aztertuak ditu Trebiño, Arabako Mendialdea, Arabar Errioxa, Agurain, Gasteiz, Gesaltza, Zuia eta Araia. Etnografiari dagokionez, berriz, Bernedo aztertu du hobekien, bertan izana baita apaiz. Ondorioz, Mendialdeari zegozkion izenak biltzen hasi zen lanean. Horrekin batera, Trebiñokoak. «Eta Trebiñokoa atera genuen lehenengo onomastika-lana, Koldo Mitxelenak hala eskatuta. Ordurako, Mendialdean eta Arabako Errioxaldean ere bilketa-lanak eginda neuzkan: ahozko mundu tradizionala aztertu nuen. Izan ere, dokumentazioa... hori besterik da, hitz handiak dira horiek! Dena dela, Errioxalde horri dagokion XVI. mendeko dokumentazioa aztertu nuen eta zera ikusi nuen, gaur egunean indarrean dagoen berbera dela. Oso gutxi aldatu da. Arabako ekialdean, berriz, toponimia erromantzea zen. Nekez aurkituko zenuen izen bat euskarazkoa. Iekoran, adibidez, bada hilerri bat Eskide izena zuena. Non edo non irakurria dut toponimo horren aldaera bat -Eskibe, oker ez banago, Iekora ondoan zegoen herrixka nonbait, gero desagertu zena-, baina agirietan ez da dudarik: Eskide da forma zaharra. Lapoblacion-en ere bada besteren bat, baina gutxi». Aldiz, zenbat eta mendebalderago, orduan eta euskarazko izen gehiago azaldu zaizkio. «Bastidan, San Vicente de Sonsierran eta inguruan hamaika dira euskarazko toponimoak, eta irauten dute oraindik».

Mendialdea ere sakon aztertua du apaiz honek, eta hainbat dira euskarazko toponimoak bertan. Alabaina, gurasoen jatorri duen herrian, Kanpezun, ez du euskarazko izen askorik aurkitu. «Kanpezu oso dago erromantzeak janda. Bai, han ere badira euskarazko toponimoak, dela Arrielle bat, edo iturri bat, Berrabia izena duena. Inguruan bada sakan bat, Istora izena duena. Han bai, han asko dira euskarazko toponimoak».

Barandiaranek esanak gogoan
Gonzalez Salazarrek Gasteizko seminarioan egin zituen apaiz ikasketak: Humanitateak, Filosofia, Teologia... Irakasleetan zuen Joxe Migel Barandiaran. «Zera erakusten zigun, Lehen euskal gizona izeneko asignatura. Kontua da On Joxe Migelek ez zuela batere dudarik egiten. Esaten zigun: 'Herriari erlijio mezu bat transmititu nahi izatekotan, nahitaezko da herri hori ezagutzea'. Gu, apaizgai gazte ginen, herritik gazte-gazte irtendakoak, Filosofia eta Teologia ikasiak, baina herritik aparte bizi ginenak. Eta nola azaldu behar genion guk ezer herriari, ez genuen eta ezagutzen! On Joxe Migelek herria estudiatzeko esaten zigun, horrek gure lan pastoralean lagunduko zigula».

Eta Barandiarani kasu egin eta hasi zen Gonzalez Salazar herria aztertzen: haren ohitura eta legeak. Ataundarrak ez zuen arkeologia-lanik egitera animatu. «On Joxe Migelek Egirazko tumuluan zera esan zidan: 'Harriak batean, ontzi zatiak bestean... besterik bildu behar da: jendearen bizimodua. Bildu beharra dago, edadetuak hil baino lehen'. Eta hasi ginen, eta segitzen dugu. Etniker taldean ari naiz, On Joxe Migelek prestatutako inkesta herri batean eta bestean betetzen. Toponimia eta onomastika, berriz, inkesta horren atal bat besterik ez dira».

Herriarekin bat egite aldera hasitako bidean ez du etenik Jose Antonio Gonzalez Salazar apaizak. Bernedon sasoi batean, Domaikian gaur egun.


ASTEKARIA
2006ko ekainaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude