argia.eus
INPRIMATU
2007ko udal hauteskundeak
2006ko ekainaren 11

Datorren urteko maiatzean udal hauteskundeak egingo dira Hego Euskal Herrian, Estatuko leku guztietan bezala, jakina denez.

Urtebete lehenagotik ikusita, badaude zenbait galdera oraingoz inor gutxik erantzuten jakingo lituzkeenak: Alderdien Legeak indarrean jarraituko al du? Batasuna legala izango al da edota beste marka bat legalizatuta edukiko al du ezker abertzaleak?

Edo are inportanteagoak diren beste hauek: ETAren su-eten iraunkorrak iraungo al du? Bake-prozesua bideratuta egongo al da? Normalizazio politikorako elkarrizketa-mahaia(k) eratuta eta lanean egongo al d(ir)a?

Argi dago bake-prozesuaren protagonisten -ETA eta Gobernua, edo nahiago baldin bada eta zeharka bada ere, Batasuna eta PSOEren- emaitzak galdera horien guztien erantzunaren araberakoak izango direla. Baina are argiago egon beharko litzateke, nolanahi ere, hauteskunde horien emaitzek indarkeriaren ondorengo eszenatokiari egokitutako mapa politiko berri bat ekarri beharko lioketela.

Bakegintza eta normalizazioa presente egongo dira hauteskunde-kanpainan. Beharko!

Eta honen harira erabakitzeko eskubide ditxosozkoa ere bai. Eta hau, udal hauteskundeez ari garen arren, on litzateke gainera, baldin eta independentziari edo marko juridiko-politikoari lotutako gainontzeko aukerei buruz erabakitzeko balio duela diotenek, onartuko balute, esate baterako, hiri hondakinen tratamenduaz erabakitzeko ere balio lezakeela.

Bakeak eta normalizazioak joan behar duten ildoetatik okertzen ez badira, arlo sozialeko arazoez ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugunon garaia izan daiteke udal hauteskundetakoa. Gatazka politikoaren aitzakian babestuta arazo sozial askotaz bere iritzia emateko gai izan ez direnek orain diren bezala eta pentsatzen dutena esanez agertu beharko dute. Errausketa-instalazioak jarri nahi dituztela esan beharko digute, herri-galdeketarik ez dutela onartuko, etxebizitza sustatzaile pribatuen negoziorako bultzatuko dutela, herritarren parte-hartzea oztopatuko dutela… denoi adarra jotzen segitu nahi dutela.

Ezkerreko jendearentzat zentroari eta eskuinari nagusigoa kentzeko lehiatzeko ordua da. Eskuin-ezker dialektikak agindu behar du, nagusi den eredu neoliberala borrokatzeko ordua da. Aro politiko berria eta etorkizuneko Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dugun guztiontzat aukera paregabea da hurrengo hauteskunde hitzordua: hirigintza, etxebizitza, enplegua, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, gazteria, etorkinen harrera, euskal eskola publikoa, euskara, kultura, ingurugiroa, garraio publikoa, udal-zergak, aurrekontu partehartzaileak, hirugarren munduko garapenerako kooperazioa…

Hauek dira, besteak beste, ezkerretik erantzun bat eman behar zaien kontuak eta bakarrik ezkerretik konpon daitezkeenak. Kontu guzti hauei ematen zaizkien erantzunek adieraziko digute alderdi bakoitzaren kokapena eta ezkerraren batasunerako aukerak mugatuko dituzte.