argia.eus
INPRIMATU
Lehia
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a

Egunerokoa genuen otartekoak legez. Librean. Bi onentsuenek oinazka egin eta denak borobilean erne, hasten zen hautaketa. Talde buru bakoitzak bere taldekideak aukeratuz osatzen zuen taldea. Baina hor ez zen bukatzen partida aurretikoa, ez, berdintasunean lehiatzean genuen xede. Taldeen araberako trabiesa egiten genuen. Halakoa honekin eta harekin ekipo berdinean tokatuz gero, bi zero galtzen hasten ziren. Eta emaitzen arabera sortu eta egokitu egiten genituen joko-arauak eta trabiesak. Helburua eta oinarria beti berak: berdintasunean lehiatzea. Pilotan ere berdintsu. Eta gu geroni juez. Izaten ziren sesioak eta haserreak, baina inoiz ez federatutakoan bizitutakoen mailakoak. Montenegrori aplikatu diote sobra ere sistema berdintsua. Batzuk %45,01ekin aski, besteek %54,99ekin eskas. Beraz, lehen taldekoek onartzen dute berdintasunean jai dutela eta abantailaren beharra dutela besteekin lehiatzeko. Eta gutxiago izanda ere, prest garaipena onartzeko. Solana Deliriums Tremens horren alderdiak, heren batekin berdindu nahiko gintuzke gu hemen. Tres uno irabazi eta empate. Ulertua nuen sozialismoa eta berdintasuna ekipo berekoak zirela. Hemen aurretikoak behar bezala adostu gabe nahiko lukete partida jokatu, bi herenak ez ditugula izango jakitun. Eta horri auzoan tranpa esaten genion.