Lanak eta azpilanak


2006ko ekainaren 04an

Nafarroako Emakume Aurrerakoien Elkartearen inguruan Ezker Batuko eta Batzarreko emakumeak biltzen dira bereziki, baita PSNko zenbait ere. Elkarteak Iruñeko zinegotzi Ainhoa Aznarez sozialista du lehendakari. Ainhoa ez da lotsatzen hiriko ikastola batean jaso duen hezkuntzaz. Suelto erantzuten die euskaraz Euskalerria Irratiko kazetariei eta Herriko Etxean euskaltzale ari izan da beti. Horrek ez du salbuetsi bizkartzainak eramateaz. Berrikitan, Ahotsak, alderdi ezberdinetako emakumeek bake prozesuari haize eman nahian atera duten manifestuari bere sinadura gehitu dio, PSNko bertze hiru kiderekin batean. Aznarezi gurutzebidea bilakatu zaio izenpe hori. UPNkoen purrustadaren ondotik, alderdikideenak etorri dira. PSNko exekutibako emakume gehienek ohar bat argitaratu dute, propio Ainhoa Aznarez larrutzeko. Harrigarriena da Ahotsak sinatu zuten bertze hiru nafar sozialistak aipatu ere ez dituztela egin kargu hartze mingarri horretan.

Iruñeko zinegotziaren kasua adierazgarria da une hauetan Nafarroak bizi duen egoeraz. ETAren su-etenak inon lurrikara eragin badu herrialde honetan izan da. Ez, talde armatuak eta abertzale anitzek nahi luketenez, "lurraldetasunaren" ametsa erdiesteko bidea irekitzeagatik -ez, bederen, epe motz-ertainean-, aldaketa politikorako bide malkartsua pixka bat zelaitzen duelako baizik. Aldaketa=UPNren eskuetan egonen ez den gobernua=PSN ardatz izanik, Ezker Batuaren eta Nafarroa Bairen sostengua behar lukeena -matematika politikoak bertzerik ez dioen bitartean-.

Ez da aise izanen. Etorkizuna halako kolorez jantz dadin, behar adina botoez gain, gauza franko gertatu beharko dira. Eta horiek gerta ez daitezen lanean gogotsu ari dira halako egoera batean galtzaile atera daitezkeenak. Galtzaile nagusiak, bistan dena, gobernuan daudenak lirateke. ETAren jakinarazpenetik hona, UPN izan da PPren lagunik sutsuena su-etenaren eta Zapateroren kontra. Sozialisten "anbiguitatea" estakuru, nabarristak -Diario de Navarraren komunikazio talde guztiaren laguntzaz- zernahi egiten eta erraten ari dira sozialistei uztarria ezartzeko. Hemendik aitzina, Zapateroren jendeek Nafarroan edo Nafarroaz abertzaleekin egin lezaketen edozein tratu, handi nahiz txiki, "ETArendako ordain politikoaren" irudian aurkeztuko dio UPNk iritzi publikoari. Dela Konstituzioak berak aurreikusten duen zerbait -erreferenduma-, dela Del Burgok berak bere garaian proposatutako bertze zerbait -organo komun iraunkorra-. Berdin gobernu aurrerakoi bat Nafarroarendako, edo -laster edo berandu ikustekoa- hizkuntza politikaren aldaketa ere. Dena izanen da "ETAren bidesaria".

Horren aitzinean, ohiko uzkurkeriaz ari dira PSNkoak, noiz batera noiz bertzera joka. Zapaterori leial izan beharrak alderdiaren politika defendatzera behartzen ditu. Buruzagitzan dauden anitz, ordea, aiseago leudeke UPNren ildoari segika. Ainhoa Aznarezek ederki ikasi du katixima hori egun hauetan.

Bitartean, abertzaleek PSNrekiko hurbiltze politika koherenterik taxutu gabe segitzen dute. Edozein motatako "eraikuntza nazionalarendako" UPN Nafarroako Gobernutik botatzea baino inbertsio hoberik ez daitekeela egon ez da oraindik hainbaten buruan sartu. Batasunak Nafarroa Bairen barnean egon behar ote duen eztabaidaka ari dira orain, EAk baietz, EAJk ezetz eta gainerakoak mutu. Bertzelako kontuak aparte utzita, Batasunaren presentziak ez dirudi fabore handirik egiten ahal duenik PSNrekiko etorkizuneko akordio bati. Are gutxiago oraingo testuinguruan. Batasunak ez ditu gauzak horrela ikusten. Jelkideen ukoa honela interpretatu du: "EAJk Nafarroa Bai erabili nahi du Nafarroa Zapaterori oparitzeko". Musika ezaguna. UPNk Nafarroa nazionalistei saldu nahi diela egozten dio Zapaterori. Ez dira UPNkoak beren biziraupen politikoaren alde lanean eta azpilanean ari diren bakarrak.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude