argia.eus
INPRIMATU
Iritzia: Komunikazioa Kataluniaren eraikuntza nazionalean (Josep Maria Figueres, historialaria eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea)
2006ko ekainaren 4a
Historikoki, hedabideek XIX. eta XX. mendean mezu nazionalista sozializatu dute, eta artikulatu dituzten herri-mugimenduek dimentsio kritikoa izan dute ideologiaren funtsezko ardatz. Trantsiziotik agertutako gizarte modernoan, hogeita hamarreko hamarkadako industria katalanistaren deuseztapena santzionatu dute. Industria hori gehiengoa zen mundu intelektualean, eta ordezkaritza zabala eta indartsua zuen umorezko prentsan, aisiakoan, etab. Izan ere, oso kopuru handietara iristen zen, bai izenburuetan, bai tiradetan, intentsitate handiz barneratzen baitzen gizarte guztian. Eguneroko hedabide handiek, hala nola Ultima Hora, La Veu de Catalunya, La Publicitat edo La Humanitat egunkariek, ezin izan dute askatasunez jarraitu; aldizkari handiek, hala nola D'Ací, D'Allà, Mirador, etab., ahanzturara igaro behar izan dute, beste askok bezalatsu.

Askatasuna merkatu suntsitu batekin eta profesional nahiz enpresari arras bakan batzuekin sortzeko izan da; frankismotik sortutako hedabideek, berriz, kontinuitatearen errutinarekin eta inertziarekin kontatzen zuten. Konstatazio sinple hori izugarria izan da katalanezko prentsarentzat, eta are gehiago eduki kritikoko katalanezko prentsarentzat. Zertan da gaur egun? Nola ari da eboluzionatzen komunikazioa?

Kataluniako gizarte modernoan, fenomeno apasionagarriak ari dira gertatzen masentzako komunikazio sozialaren arloan. Izan ere, apenas dagoen halakorik Europako beste leku batzuetan, edo gure mugetatik oso urruti agertu dira, baina hemen indar handiz ari dira sustraitzen. Aipa ditzagun batzuk:

- Jatorri herritar, hiritar edo pribatuko hedabide ugari, etekin ekonomikoa ateratzeko asmorik gabeak. Zentzu zibikoko aldizkariak eta buletinak. Aski da begiratu bat ematea .cat domeinu berrian inskribatuei.

- Publikazio lokalen, eskualde mailakoen eta eskualdez gaindikoen sare zabala, auzo bakoitza eta herri bakoitza behetik gorako hedabide batez hornitzen duena. Eguneroko prentsa izatera iristen da, eta orain -esate baterako, El Punt publikazioa edo Més Sabadell, Més Sant Cugat katea- hurbileko prentsa deritzona izateko bokazioa duten katalanezko egunkariak izatera.

- Komunikabide publikoen erreferentziazko eredu dira, kualitatiboki oso garrantzitsuak bihurtu baitira, sozialki oso baliotsuak eta hizkuntzaren normalizaziorako funtsezko lanabesak: CCRTko telebista eta irratiko kanal publikoak, hobetzeko ekimen etengabekoekin: sareko azken programazioa eta bideoak (aurrez pagatuta).

- Paperezko hedabide tradizionalak kontsolidatu egin dira. La Vanguardia egunotan ari da 125. urteurrena ospatzen, eta El Periódicok kontsolidatu egin du katalanezko eta gaztelaniazko edizio bikoitza, batez besteko %50eko kopuru globalekin.

- Berealdiko bizitasuna dute irrati eta telebistako estazio lokalek, hainbat formaren bidez eratuak: munizipalak, komertzialak, kateetan eratuak, etab. Informatiboki nahiz komertzialki eragin handia duten alderdi komunikatiboak dira.

- Era guztietako iniziatibak etengabeak dira prentsa espezializatuan: musikala, akademikoa, kulturala, etab. Horri esker, Bartzelona da oraindik argitaletxeen hiriburua, nahiz eta banku-kapitala, publizitate-industria, etab. estatuko hiriburura migratu diren, orain harira ez datozen arrazoiengatik.

Egia esan, katalanezko eguneroko prentsak ia hamar egunkari ditu, jadanik aspaldiko Avui (1976) eta El Punt (1979) kazetez gain, Bartzelonatik haragoko beste hiri batzuetako egunkariak gehitu baitzaizkie, El Periódicoren katalanezko edizioarekin batera. Hala: Diari d'Andorra, Balears, Segre (Lleida), Diari de Girona, Regió 7ren edizio anitzekin bat egin duena, eta El 9 Nou Kataluniaren erdialdean.

Interneten, beste hamar bat izenburu lokalizatuko genituzke: Tribuna Catalana, La malla, E-noticies, Diari de Barcelona, Vilaweb, etab. Baina fenomeno berri bat gorpuztu da trantsizioaz geroztik, Madrilgo informazio-egunkarien edizio erregionalak iritsi baitira: El País, El Mundo... 1984az geroztik etengabe hazi dira, ingurune intelektual eta funtzionarialetan abonatuz, bai eta jatorriz estatuko beste zona batzuetakoak diren geruza zabaletan ere. Gaztelaniaz editatzen diren egunkari katalanak gainditu ez badituzte ere, tiradan katalanezko egunkarietatik hurbil dabiltza.

Prentsa komertziala milioi erdi aletan gelditu da duela hamarkada batzuetatik hona. Doako prentsa, berriz, kopuru horietara iristeko borrokan dabil. Analisiak, jakina, konplexuak dira. Pertsona berak al dira dauden egunkarien irakurle guztiak? Banaketarik ba al dago hedabideen irakurleen artean? Azterlanik gabe, zail izango da oinarri horiek ezartzea. Informazioko lau egunkari doakoak (20 Minutos, Metro, ADN eta Què?), kiroletakoak aparte utzita, haziz doaz tiradan eta influentzian, audientzia gaztea, urbanoa eta dinamikoa banatzen dute beren artean. Horrek argi erakusten du prezioa dela irakurtzeko oztopoa eta ez interesatzen ez den edukia. Asko ñabartu beharko litzateke: doako prentsaren edukia hurbilago dago irakurleagandik, diseinu eskematikoa aproposagoa da garraio-sisteman irakurtzeko... baina errealitatea garbia da: doako prentsa kontsolidatu egin da; egunkari konbentzionalek, berriz, negozio-eremua letra inprimatuaz harago hedatu dute.

Fenomeno berriak agertu dira, hala nola liburu-denden desagertzea, liburu kosmopoliten salmenta, kolonizazio zinematografikoa, etab., eta identitaterako negatiboak diren elementu horiei partzialki kontra egin dakieke dokumental kreatiboen gorakadarekin, sareko kanal editorialetan liburuen salmenta ugaltzearekin edo Abacus kooperatibaren hedatzearekin, zeina kultura zabaltzeko benetako tribuna bat baita eta hamar bat lokal handi eta ehunka mila kooperatibista baititu.

Eskematikoa izateagatik kasik baldarra gertatzen den posizioen planteamendu honetan, zirriborratu dugun azpialde panoramiko honetan, nola geratzen da eduki identitarioa? Ñabarduretan sartu gabe, dugun hedadura mugatua ia agortu baitugu, esan genezake zenbait axioma betetzen direla:

- Hurbileko prentsaren maila zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta lotuago dago interes nazionalei: herriagandik hurbil dagoen prentsa libreagoa izan ohi da kontzepzio nazionalistan, hala informatikaren munduan nola mundu lokalean eta eskualde mailakoan. Hedabide horietan, edukien tipologiak, zabalkundea eskuratzeko askatasunak, zirkulazioaren lastertasunak, oso eragin handiko tipologia komunikatiboa itxuratzen du. Hain dute influentziatzeko gaitasun handia, non publizitate komertziala dagoeneko iritsi baita haiengana, horrela aitortuz eta berretsiz heldutasunera iritsi direla.

- Etengabe agertzen dira ekimen berriak, kontsolidatuz doazenak eta kopuruz minoritarioak baina bestalde nabariak diren kolektiboengana iristen direnak (egunkari baten irakurleak ez al dira, bada, gutxiengo bat?). Horrela, Senderi, Materials d'Hist-ria de Catalunya bezalako informatikako aldizkariak edo Contrastant bezalako eduki kritikoko web orriak paperezko hedabide konbentzionalen osagarri gisa taxutzen ari dira. Filosofoenganaino ere iristen da kontua. Hala, Josep M. Terricabrasek bere web orria ireki eta gizarteari buruz hausnartzen duten artikuluak eta testuak sartzen ditu, eta hori oso eskertzekoa da kontsumo soiletik harago.

- Publizitatearekin edo finantzen munduarekin loturak dituen prentsaren maila zenbat eta handiagoa, orduan eta mundu identitariotik urrunago. Hori hala ageri da planteamendu gordinetarako, esate baterako gai tabuetarako, hala nola nazionalista presoak torturatzea edo katalanez argitaratutako liburuekin interes gutxi izatea, noiz eta best-sellerren itzulpenek lehentasunezko maila gozatzen baitute feedback eztabaidagarri batean: nazioarteko liburuaren zabalkundea egiten da liburuen gaineko gehigarrietan, eta, publizitatea egitean, saldu egiten dira; katalanezko nobedade askoren kasuan, aldiz, izenburua aipatu ere ez da egiten.

Mekanismo zital bera baliatzen da katalanezko zinema jende gutxik ikusiko duela esatean. Ez da aipatzen kopien, aretoen eta emanaldien kopurua, betiere oso urria edo hutsala. Baldin eta zineman % 5era iristen bada, liburuaren kasuan erdi eta erdi gertatzen da, gutxi gorabehera, nahiz eta generoetan bariazioak badiren. Soluzioa konplexua da, zeren hedabide handiek uzkur egiten baitiote bai hizkuntza katalanari, bai loturazko edukiari. Hedabide handiak sektore katalan kulturalizatuengandik horren urrun egote horrek orobat esplikatzen du katalanezko hedabideek horrenbesteko inpaktua izatea. Oso kontsolidatuak badaude ere, oso desiratuak dituzte talde handiek, erosi nahi baitituzte aise inplantatzeko edo dumping errazekin lehiakideak ixteko. Prentsak gizartearen pare eboluzionatzen du, transformatuz, eta eduki identitarioak formula eta medio berrietara moldatuz doaz, gizarte osoaren dinamismoarekin bat.