Bilboz Badakit mahai jolasa
Bilboko Udalak eta Argiak elkarlanean egindako lehen mahai jolasa da
Bilboz Badakit. Ekainaren 5ean aurkeztuko da jolas berria. Jolas hau ARGIAk lehendik argitaratua duen Badakit mahai jolasean dago oinarrituta. 1.500 galdera-erantzun ditu
Bilboz Badakit-ek gai hauen inguruan: Artea, Historia, Kirola, Natura, Jaiak eta Kultura. Noski, beti ere, Bilborekin lotutako gaiak jorratzen dira. Zortzi urtetik gorako edonorentzat da egokia jolasa.
Euskalerria Irratia karrikan
Euskalerria irratia
Eskubide osoz. Mintza lelopean bildu ziren irratiari babesa eman nahi ziotenak hilaren 27an Iruñean. Lizentziarik gabe jarraitzen du Euskalerria Irratiak eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, Parlamentuan egin duen agerraldian esan berri du kontratazio mahaiak «erabateko autonomia» zuela bere lana egiteko. Bestalde, Euskalerria Irratiak eskatu du Doxa aholkularitza bulegoak irrati lizentzien esleipenen harira osatutako txostena baliogabetu dezatela.
107.768 sinadura
Kopuru horixe aurkeztu zuten
Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimeneko arduradunek joan den larunbatean Donostiako manifestazioan. 107.768 horiek euskal herritarren sinadurak dira, erakundeei eskolak euskalduntzeko eskatzeko. Urtarrilaren 31n kanpaina abian jarri zuen ekimenaren iritziz, eskolak ikasleak euskalduntzetik urrun dabiltza. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Frantziako Gobernuari eskatu diote aldaketak egiteko eskolan euskalduntzea berma dadin.
35 euskaltzain urgazle
Euskaltzaindiak aukeratu dituen 35 urgazleak hainbat alor profesionaletakoak dira, hala nola, zientzia, bertsolaritza, kazetaritza eta hizkuntzalaritzakoak. Hautatutako batzuk dira hauek: Sagrario Aleman, Iñigo Aranbarri, Luis Alberto Aranbarri «Amatiño», Mikel Bujanda, Andoni Egaña, Joxe Ramon Etxebarria, Odile Kruzeta eta Paula Kasares.
Zazpi hiztegi klik bakarrean
Firefox nabigatzailea darabilenarentzat da baliagarri Euskalbar tresna-barra. Urte hasieratik erabiltzeko moduan dago eta orain arte, aldi berean lau euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara hiztegi kontsultatzeko aukera ematen zuen. Orain zazpi hiztegitan batera begira dezakegu nahi dugun hitza. Hauexek dira hiztegiak: Euskalterm, 3000 Hiztegia, Elhuyar, Hiztegi Batua, Itzul, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa eta Justo Mokoroaren hiztegia. Euskalbar instalatzeko Internet&Euskadi elkartearen web gunera jo behar da (www.interneteuskadi.org.).