argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Gaiker
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a

Gaiker, Material Berrien Talde Teknologikoa, 1985ean sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta erakunde pribatu batzuen babespean, enpresei lehiakortasuna handitzen laguntzeko, teknologia berrien garapenean laguntza emanez. 1988an, Biotek, Bioteknologiaren talde teknologikoa sortu zen. 1992an bi zentroek bat egin zuten giza baliabide eta hornikuntzak optimizatzeko. Horrela sortu zen Gaiker Zentro Teknologikoa, material berri ez metaliko, ontziratze eta paketatze, bioteknologia industrial, ingurumen eta birziklatzeei buruz ezagutzak eta teknologiak eskaintzeko ahalmenarekin. 1997an zentro hau pribatizatu eta fundazio pribatu bihurtu zen. 2000-2004 bost urtekoan bere etekinak %53 inguru igo ziren.
Geroari begira, lau alderdi hauek indartuko ditu: plastikoak eta konpositak (bere jardueraren %30); jasangarritasuna eta ingurumena (%24); birziklatzea, balioztatzea (%19) eta bioteknologia (%24). 100 langile eta 29 bekadun ditu eta 2004an 124 proiektu gauzatu eta 8,1 milioi euro fakturatu zituen.